Guggenheim Bilbao Museoak Mona Hatoumen, Doris Salcedoren, Liam Gillicken eta José Manuel Ballesteren lanak eskuratu ditu
2011-10-10 15:31 KultureaMona Hatoumen Gure etxea (Home, 1999), eta Doris Salcedoren Titulurik gabea, 2008 lanak Guggenheim Bilbao Bildumea osotzeko eskuratze-ildo estrategiko barri baten adibide dira: eskuratzeen eremu geografikoa zabaldu nahi dau Museoak, AEBko eta Europako arteaz harago. Horreez gan, dohaintzan emondako lau lan gehitu jakoz Guggenheim Bilbao Bildumeari.
Bilboko Guggenheim Bilbao Museoak honako lan honeek erosi ditu: Mona Hatoumen Gure etxea (Home, 1999), eta Doris Salcedoren Titulurik gabea, 2008. Horreez gan, dohaintzan emon deutsiez Liam Gillicken Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan (How Are You Going to Behave? A Kitchen Cat Speaks, 2009), eta José Manuel Ballesterren hiru argazki, Ezkutatutako txokoak (Espacios ocultos) sailekoak.
Mona Hatoum (Beirut, 1952) artistearen lana ezinbestekoa da 1980ko hamarkadatik egundainoko eskultura-lengoaiaren eta instalazino-artearen nondik norakoak ulertzeko. Gure etxea 1990ko hamarkadan sortu eban, nazinoarteko giroan gailurrean egoanean: mundu osoan erakusketak zituan, eta izen handiko Turner Sarirako hautagai izentau eben. Mahai handi bat da lana; bertan sukaldeko hainbat tresna dagoz, metalezko pintza eta kableen bidez alkarlotuta eta argindar hargune bati entxufauta. Elektrizidadeak objektu batzuen pean ostendutako zenbait bonbilla txiki argiztatzen dau, eta, informatika-programa batez bidez, argiaren intensidadea kontroletan da, baita pizten diran tartea be; gainera, bozgorailu batzuek argindarrak sortzen dauen durundia ozentzen dabe. Horrezaz gan, altzairuzko klabe horizontalez hesituta dago instalazinoa, ikuslea hilgarriak izan daitekezan objektu horreetatik aldentzeko. Mehatxuzko ingurunea sortzen dau artisteak; norberaren etxeari lotzen ez jakon ingurunea, guztiz aldentzen baita etxe bateko ohiko irudi gozo eta ziurretik. Horrek ikuslearengan eragiten dau: holako erakarpena sentiduten dau, baita nazka eta bildurra be; ezaguna egiten jako, baina aldi berean ezezaguna. Holako inguruneak sortzea da Hatoumen ezaugarri. 525.000 dolarrean erosi da Gure etxea.
Doris Salcedo (Bogota, 1958) bildumeari gehitu jakon lehen artista latinoamerikarra da. Titulurik gabea lana sail baten zati da, artisteak gaur arte egin dauen sailik handienarena; 1989an hasi eban, eta oraindino be ha osotzen dabil. Sail horretan, zahartutako mahai eta armairuak alkartzen ditu eta gainazalak zementuz estaltzen ditu zati batzuetan. Holan lortutako objektuen materiaren ezaugarriek aditzera emoten ditue hainbat narrazino, artistearenak berarenak eta gizartearenak; jazoera horreen lekuko mutuak dira. Salcedok aberriko, Kolonbiako, historia eta politikea aztertzeko erabilten dau artea; behin eta barriro jorratu dauen gaia da. 2007an, Londresko Tate Galeriako Turbinen aretoan ikusgai jarri eban Shibboleth lana, zoruan egindako arrakala erraldoia; arrakala horrek lehen munduaren eta hirugarren munduaren arteko alde handia adierazoten eban. Titulurik gabea 725.000 dolarrean erosi da.
Erositako lan horreek biak Guggenheim Bilbao Bildumea osotzeko eskuratze-ildo estrategiko barri baten adibide dira: eskuratzeen eremu geografikoa zabaldu nahi dau Museoak, AEBko eta Europako arteaz harago. Horreez gan, dohaintzan emondako lau lan gehitu jakoz Guggenheim Bilbao Bildumeari.
Dohaintzak
Lehenengoa Liam Gillicken (Aylesbury, Ingalaterra, 1964) lan bat da. Veneziako Bienalaren Alemaniako pabiloirako egin eban 2009an eta Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan izenekoa da. Nazinoartean ospe handia dauen artistearen ibilbidean garrantzi handiko lana da. Moduluz osotutako sukalde bat da, pinu zurezkoa, eta, oinarri dauka Frankfurt modeloa, Margarete Schütte-Lihotzky arkitektoak babes ofizialeko etxebizitza batzuetarako 1920 hamarkadan diseinautakoa. Modulu baten gainean disekautako katu bat dago, ikusleei berbetan: bizitakoaren, hartu-emonen, utopien, denporearen joanaz, etenbako aldaketen eta abarren inguruan berba egiten deutse; artelanaren ingurua, baita ikusleen burua be, hotsez beteten dau. Instalazino horren bidez adierazo eban Gillickek garai modernoko kalidadeko diseinua lortzeko utopia, eta horretarako bizitzko gune egokiak aztertu zituan eskultura sozialaren diskurtso modernoa erabiliz. Izan be, gai horreek haren lan guztien nondik norakoak laburbiltzen ditue.
Bigarrena, José Manuel Ballesterren (Madril, 1960) formatu handiko hiru lan dira: Maiatzaren 3a (3 de mayo, 2008), Errege-erreginaren jauregia (Palacio Real, 2009) eta La Medusen almadia (La balsa de la Medusa, 2010). Ballesterrek Estaduko Argazki Saria jaso eban 2010ean, eta haren hiru argazki horreek Guggenheim Bilbao Bildumako argazki-funtsak aberastuko ditue; izan be, Espainiako egungo argazkilari nabarmenetako bat da. Lanok Ezkutatutako txokoak (Espacios ocultos) sailaren zati dira; horretan pintura klasiko eta modernoaren maisulanak berrinterpretetan ditu Ballesterrek: personaiak eta jazoerea desagerrarazoten ditu, espazioak, txokoak, leku gailena har daian. Dohaintzan jasotako hiru lanek pintura ezagunei lotzen jakez: Francisco de Goyaren Maiatzaren 3ko fusilamenduak, Diego Velázquezen Meninak eta Théodore Géricault-en La Medusen almadia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!