II. BBK Jazz jaialdiak euskal jazz musikarien saioak eskainiko ditu Bilbon urrian zehar

Bizkaie! 2011-10-05 18:19   Musikea

BBK Jazz jaialdiaren bigarren edizinoa Bilboko BBK Aretoan egingo da urriaren 7, 8, 14 eta 15ean, euskal jazz musikari ugari eta kalidade handikoak izateak daukan balioa autortzeko helburuagaz.

BBK Jazz jaialdiaren bigarren edizinoa Bilboko BBK Aretoan egingo da urriaren 7, 8, 14 eta 15ean, euskal jazz musikari ugari eta kalidade handikoak izateak daukan balioa autortzeko helburuagaz, BBK-ko iturriek prentsa ohar batean adierazo dabenez. Talentu barriak lagundu eta bultzatu guran, besteak beste, Andrzej Olejniczack 4tet, Mikel Andueza 4tet, Jon Urrutia 5tet edo Pablo Martin Quintet taldeak izango dira taula gainean.

The Hot Wok talde gasteiztarrak ekingo deutso ekimenari urriaren 7an, 20:00etatik aurrera. New Orleanseko elektro-funky nahasketeagaz, tuba, saxofoi edo tronboia lako musika-tresna tradizionalak erabilten ditue, baina soinu barritzailea lortuz.

Egun horretan bertan, 22:00etatik aurrera, Andrzej Olejniczack-ek eguneko bigarren kontzertua eskainiko dau. Bilbon bizi dan artista poloniarra Musikeneko eta Bilbo eta Leioako musika-eskoletako irakaslea izan da. Olejniczack-en laukoteak hainbat estilo nahastetan ditu, tartean hard-bop garaikidea eta Polonia edo Andaluziako folklorea.

Jaialdiaren bigarren egunean, urriaren 8an, euskal musikeak daukan beste artista garrantzitsu bat ikusteko aukerea izango da. Gonzalo Tejedaren ibilbidea ezin oparoagoa da: hainbat sari irabazi ditu, makina bat jaialditan jo dau, hamaika proiektu jarri ditu martxan banaka zein taldeka, bera buru dala sei disko kaleratu ditu, hainbat lan grabau ditu eta irakasle lana be egin dau. Oraingoan, kontrabaxu-jotzaile donostiarrak bere Special Trio ezaguna aurkeztuko du, Chet Baker-i eskainitako omenaldi bereziarekin.

Gauean, barriz, saxoaren soinuaren txandea izango da, Euskal Herriak daukan aditu handienetako bategaz: Mikel Andueza nafarra. Musikari eklektiko honek 30 disko baino gehiago argitaratu ditu, eta musika klasikoko taldeakaz, orkestrakaz edo jazz bandakaz jo dau. Hori gitxi balitz, irakasle ibili da Bartzelona, Madril eta Iruñean, eta gaur egun be horretan dabil Donostiako Musikenen.

Jaialdiaren bigarren astegoiena urriaren 14an hasiko da, Jeronimo Martinen musikeagaz. Bilboko piano-jotzaile eta musikagileak askotariko estiloak jorratu ditu, harik eta musikearen bide barrien bila abiatu zan arte. Osotu dauen seikotea da bilaketa horren emoitzarik sortzaileena. Musika-arloan, jazzean zein beste genero batzuetan, prestakuntza handiko musikariek osotzen dabe taldea.

Martinen ondoren, Jon Urrutia izango da protagonista. Hainbat herrialdetan ikasi ondoren, eskola ugaritako irakasle izan da (Getxo, Iruñea, Bilbo, Donostia eta abar). Urrutiak bere nazinoarteko boskote multikulturala eta Carvahlo's Castle bere azken diskoa aurkeztuko ditu. New Yorken grabautako lana da, eta gaur egungo jazza eta Europako eta Amerikako harmoniak nahastauta entzun daitezke.

Urriaren 15ean, Miguel Fernandez eta Pablo Martin izango dira BBK Aretoan, jaialdiari merezidu dauen amaierea emoteko. Lehenengoa MUT Trío izeneko hirukotearen burua da. Prestakuntza handia jaso eta esperientzia asko batu ondoren, artista nafarrak 2009an sortu eban taldea, bat-bateko hainbat saioren ondoren. MUTek musika freskoa egiten dau, eta literatur testuak erabilten ditu hainbat kantu harilkatzeko.

Ondoren, gaueko 22:00etan, Pablo Martin kontrabaxu-jotzaileak bere boskoteagaz joko dau. Prestakuntza klasikoa jaso eta soinu-bandak sortzen ibili ondoren, Martinek bere boskoteko kideak alkartu zituan, bere bizipenak islatu eta bere abesti propioak sortu ahal izateko.

Programazino honetaz gan, urriaren 15ean, BBK Jazz sariak banatuko dira, gaueko 22:00etan, bi emonaldien artean. Epaimahai independente batek erabagiko ditu musika-kalidadea saritzea helburu daben sari honeek. 2.000 eta 3.000 euro arteko sariak banatuko dira ondoko kategorietan: Instrumentista onena, 2010eko proiekturik onena, Bultzada saria eta Epaimahaiaren sari berezia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu