Pakea Bizkaia etxerako bidean
2011-08-16 12:06Pakea Bizkaia belaontzia Placentia herrian egon zan joan zan astean Sabino Lauzurika ikertzaileak orain dala urte batzuk hasitako hartu-emonak indartzeko asmoagaz.
Pakea Bizkaia belaontzia Placentia herrian egon zan joan zan astean Sabino Lauzurika ikertzaileak orain dala urte batzuk hasitako hartu-emonak indartzeko asmoagaz. Honen arrazoia da herri honen izena gure arbasoak jarri eutsiela XVI. mendean, hara heldu zirenean Plentziaren antza eukala pentsau ebelako. Harrera ofizialean Unai Basurkok bi herrien ikurriñak alkartrukatu zituan, espedizinoaren amaieran Plentziako herriari eskainiko jakolarik. Truke honen bitartez Placentiako herriak Plentzia eta Euskal Herriagaz senidetasun hartu-emonak garatu nahi ditu, bien historiaren atal hain garrantzitsua galdu ez daiten.
Egun batzuk geroago tripulazinoa St. Johnsera abiatu zan, Ternuako uriburura. Bertan proiektuak oso harrera ona izan dau, horregatik ate edegien hainbat jardunaldi egin dira. Horrezaz gan, geldialdia belaontzia preparau eta beharrezko mantenimendu lan batzuk egiteko erabili dabe, orain pare bat egun ekin eutsielako 1.200 miliako nabigazino luzea Azoreserako bidean, gune oso aberatsa bioaniztasunean.
Igaz, Irlanda, Eskozia, Norvegia, Danimarka, Alemania, Holanda, Belgika eta Frantzian zehar ozeanoen zainketeagaz eta jasangarritasunagaz lotutako esperientziak batzen eta aztertzen ibili ostean, aurten, Ternua aldean, udako bigarren espedizinoan dabiz Unai Basurko eta Pakea Bizkaia hartu-emon eta esperientzia barrien bila.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!