'Dantza kontra dantza', jantzaz eta musikaz gozetako proposamen barria aurkeztu dau Oskorrik
2011-07-15 15:30 MusikeaLagun batek aspaldi emondako partitura zahar batzuk izan dira Oskorriren Dantza kontra dantza lan barriaren abiapuntua. Juan Ignacio Iztuetak jasotako jantzak dira danak, baina Oskorrik moldatu eta egokitu egin ditu bere erara. Jenteak musikeagaz gozetea eta jantzan egitea; horrek dira talde bizkaitarraren helburu nagusiak.
Lagun batek aspaldi emondako partitura zahar batzuk izan dira Oskorriren Dantza kontra dantza lan barriaren abiapuntua. Juan Ignacio Iztuetak jasotako jantzak dira danak, baina Oskorrik moldatu eta egokitu egin ditu bere erara. Jenteak musikeagaz gozetea eta jantzan egitea; horrek dira talde bizkaitarraren helburu nagusiak. Prentsaurrekoan Oskorriko kide gehienak izan dira, eta eurekaz, Elkar diskoetxeko Anjel Valdes.
Anjel Valdesek nabarmendu dau Dantza kontra dantza proiektu bat dala, ez diskoa bakarrik. Oskorrik sakontasun handiko lana egin dau, helburu ludikoagaz batez be, adierazo dau Elkar etxeko arduradunak. Oskorri Euskal Herriko historiaren parte dira, Valdesen esanetan. Urte mordoa daroe musika munduan, berrogei bat. Gure herriaren historia kontau eta zabaldu dabe euren lanekaz, ganeratu dau.
Orain hiru bat urte ipini zan martxan egitasmoa, abentura berezia Natxo de Felipek esan dauen lez. Partiturak aztertzen hasi ziranean eskuartean gauza bitxi eta berezia eukela konturatu zan taldea. Musika primitiboa, doinu gordinak dira. Lan handia egin behar izan dogu; gatxa izan da kanta bakotxari ñabardurak eta berezitasunak ataratea. Prozesu luzea izan da, azaldu dau Oskorriko liderrak. Taldeak orain arte egindako diskorik garrantzitsuenetakoa dala azpimarratu dau De Felipek.
Jose Ignacio Iztueta (1767-1845) zaldibiarra zan, jantzaria eta jantza-maisua izan zan. Frantziako Iraultzeak ekarritako moda barrien eraginez, Gipuzkoako jantza zaharrek zelan galtzen ebilzan ikusi eban, eta hori aurre egiteko, doinuak batzeari ekin eutson. Partitura horretako batzuk izan ziran orain dala hainbat urte Oskorriren eskuetara heldu ziranak. Lagunak partiturak emon, eta handik urte askotara, Donostiako Manterola liburudendan liburu batean topau genduzan. Iztuetaren lanen ganeko Aita Donostiaren gerra aurreko edizinoa zan, gogoratu dau De Felipek.
Oskorrik Iztuetak batutako doinuen moldaketa propioa egin dau, ez musikologo batek, edo katedradun batek egingo leukena. Doinuak beti-beti errespetau ditue, baina hortik aurrera bersino modernoa egin dau taldeak. Nahi doguna egin dogu, otu jakuzan gauza guztiak, ganeratu dabe.
Iztuetak jasotako doinuak eta gaur egun oraindino Zuberoan, Lapurdin edo Nafarroan jantzan egiten diran batzuen antzekoak dira. Iparraldeko mutxikoekaz eta jauziekaz zerikusia dabe -azaldu dau de Felipek- horregaitik jo genduan Elizondoko Baztango Dantzariak taldearengana, moldaketak egin ahal izateko.
Hamalau kanta jaso ditu Oskorrik behar barrian; Napartxo, Erribera, Erregela zaharra, Quarrentako erregela, Azalandare, Punta motz eta abar. CDaz gan, DVDa dauka proiektu barriak, eta bertan hamalau jantzak jaso ditue, Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Baionan egindako jantzaldietan grabautakoak. Jantzakaz batera, proiektuaren beraren erreportajea eta jantza ikastaroa sartu ditue DVDan. Ikastaldian Elizondoko Baztango Dantzariak taldeak jantzen pausu guztiak azaltzen ditu, ezer ez dakienak be jantzan egiteko aukerea euki daian.
Jantzen inguruko material nahikoa batzeko asmoagaz, Oskorri Jantza Kluba sortu eban taldeak. Dagoeneko mila bazkide inguru ditu klubak. Hiru urteotan hitzorduak antolatu ditue hainbat herritan, musikea jo eta jantzan egiteko. Horrek grabazinoak dira DVDan batu diranak. Natxo de Felipek klubean parte hartzeko deialdia egin dau: kide izateko nahikoa da natxooskorri@euskalnet helbidera idaztea, eta aurrerantzean klubaren jarduera guztien barri jaso daiteke.
Dantza kontra dantza laneko doinuekaz jantzan egin gura dabenek Donostiako Aste Nagusian eta Ondarroako jaietan izango ditue hurrengo hitzorduak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!