Formula Student Bizkaia taldeak mundu osoko unibersidadeakaz Silverstoneko zirkuituan lehiatzeko erabiliko dauen kotxea aurkeztu dau
2011-07-06 18:52Urteroko norgehiagoka dan Formula Student garagarrilaren 13tik 17ra izango da aurten eta Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko ikasleek diseinau eta landutako kotxea be han izango da. Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoak gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu dauen prototipoa mundu osoko 121 unibersidadetan sortutako monoplazen kontra lehiatuko da Silverstonen.
Urteroko norgehiagoka dan Formula Student garagarrilaren 13tik 17ra izango da aurten eta Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko ikasleek diseinau eta landutako kotxea be han izango da. Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoak gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu dauen prototipoa mundu osoko 121 unibersidadetan sortutako monoplazen kontra lehiatuko da Silverstonen.
Eskolako taldea Britainia Handira abiatuko da astelehenean, hilaren 11n, proiektuaz arduratu dan Charles Pinto irakasleak eta team leader lana egingo dauen Carlotta Arenillas irakasleak azaldu dabenez: orain arte, Zamudion eta Zorrotzaurren Silverstoneko baldintzak errekreatuz egin doguzan probetan, talderik onenen moduko emoitzak lortu doguz. FS Bizkaia monoplazaren maila tekniko handi horrek bikain islatzen dau, Enrique Amezua Eskolako Zuzendariaren berbetan, zentroko ikasleek hartutako prestakuntzak 1-Formulako talderik handienetan lan egiteko gaitasuna emoten deutsela, beste aukera batzuen artean.
Monoplazaren ezaugarririk azpimarragarrienen artean, arduradunek goitik behera erabarritutako txasisaren diseinuari egin jakozan hobekuntzak nabarmendu ditue, baita motorra (600 zentimetro kubikokoa), elektrizidade-sistemak (GPSa gaineratu jako) eta dinamikea be (suspensinoa eta direkzinoa egokitu dira). Aldaketa horreei esker, ibilgailuak 180 kilometro orduko abiadurea hartu leike (lehiaketan baimendutako gehienezko abiadura 120 kilometro ordukoa izan arren), fidagarritasun eta segurtasun baldintza egokietan.
Proba honetarako, taldeak ikasleen artean aukeratutako lau pilotu izango ditu (horreetako bat emakumezkoa da, Juncal Gorostiza). Gainera, FS Bizkaiak beste bi pilotu ditu, Montmeló-n (Bartzelona) irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean jokatuko dan Formula Student Spain zirkuituaren bigarren edizinoan bi taldekideri lekukoa hartzeko preparetan dagozanak. Sei ikasle horreek, prototipoa garatzeko denporea atarateaz gan, ikasketak eta karting zirkuituetan egindako entrenamendu gogorrak buztartu behar izan ditue.
Lehiaketa honetan, ikasleek formula kategorian lehiatzeko moduko monoplaza bat diseinau, garatu, eregi eta gidatzeko gai dirala frogatu behar dabe, kostuari, mantenimenduari eta prestazinoei jagokezan benetako merkatu-baldintzen arabera. Holan, kostuei buruzko azterketak ibilgailuaren bideragarritasun industriala frogatu eta fabrikatzaile batek urtean 1.000 ale egin leikezala bermatu behar dau, betibe konsumoari, azelerazinoari, egonkortasunari, galga-sistemeari eta bestelako alderdiei jagokezan baldintzarik zorrotzenak betez. Esangura horretan, proba nagusian, erresistentzia testa gainditu behar dabe zirkuituari 20 itzuli eginez, eta talde gitxi batzuek baino ez dabe urtero lortzen proba hau gainditzea.
Baldintza horreei jarraituz, FS Bizkaia prototipoaren osogai guztiak, proiektu honetan parte hartu daben Eskolako 50 ikasleek diseinau (eta kasu askotan fabrikau) ditue, Injinerutza Mekanikoa Sailaren zuzendaritzapean. Taldea arloka antolatutako zortzi lantalde espezializatutan banatu da: txasisa, direkzinoa eta suspensinoa, transmisinoa, motorra, karrozeria, kornerra, antolaketea eta, azkenik, abendurako ibilgailu elektrikoaren prototipoa preparetako taldea. Hiru ikasle honeek arduratu dira lantaldeen lana koordineteaz: Carlota Arenillas, team leaderra, Industria Injinerutzako laugarren mailakoa; ikasgela bereko bere lankide Juncal Gorostiza, proiektuaren arduradun teknikoa izan dana; eta Sara Ortega, Telekomunikazino Injinerutzako laugarren mailako ikaslea, antolakeraz arduratu dana.
Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoak Bidebieta (Basauri), Elorrieta (Bilbo) eta Saturnino de la Peña (Sestao) Lanbide Heziketarako institutuen laguntzinoa izan dau. Kasu batzuetan, ekipamendua eta instalazinoak laga deutseez FS Bizkaia taldeko kideei, eta beste kasu batzuetan, osogai batzuen fabrikazinoaz arduratu dira zuzenean. Era berean, erakundeak Bizkaiko industria-sareagaz dituen lankidetza-hartu-emon estuei esker, proiektuan SENER, TECNALIA, Vicinay Cadenas, Gestamp Automoción eta Automotive Intelligence Center (AIC) enpresek be parte hartzea lortu da.
Abenduan, ibilgailu elektrikoa
Oraingo monoplaza-eredua oinarritzat hartuta, eta 2010ean aurkeztutakoaren txasisa berreskuratuz, Eskolea azken ukituak emoten dago barruko-konbustinoko motorraren ordez motor elektrikoa izango dauen prototipo baten fabrikazinoan. Horren haritik, FS Bizkaia taldean eratutako zortzi lantaldeetako batek ibilgailu horren garapen teknikoan jardun dau bete-betean, eta Eskolako Mekanika Sailaren aurreikuspenen arabera, abendurako ibilgailua prest egon daiteke, datorren urtean lehiatzeko moduan.
Student Formularen Historia
1981ean, Society of Automotive Engineers dalakoak (SAE) SEA Formula eratu eban, mundu osoko unibersidadeetako 140 talde ingururen gaitasuna frogatzea helburu eban norgehiagoka. 1998an, erakustaldi bat egin zan Erresuma Batuan, eta bertan, unibersidade amerikarretan garatutako bi ibilgailu ikasle europarrek sortutako bi ibilgailuren kontra lehiatu ziran. Ekimenak lortutako oihartzun zabala ikusita, IMechE erakundeak (Institution of Mechanical Engineers), SAEgaz eta IETgaz (Institution of Engineering & Technology) batera, Student Formula sortu eban. Ordutik, lehiaketea urtero antolatu izan da, azken sei urteotan Silverstoneko zirkuituan. FS Bizkaia taldeak 2006an ekin eutson Eskolako Injinerutza Mekanikoa Sailaren barruko proiektu barritzaile moduan. Bi urteko preparazino eta ikerketearen ondoren, 2007/2008 denporaldian, lehenengo prototipoa amaitu eban.
Lehen aitatutako SENER, TECNALIA, Vicinay Cadenas, Gestamp Automoción eta AIC enpresez gan, taldeak Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Euskoiker eta Euskal Herriko Unibersidadearen babesa izan dau, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoa eta bertako Injinerutza Mekanikoa Saila tartean dala, baita Bidebieta (Basauri), Elorrieta (Bilbo) eta Saturnino de la Peña (Sestao) Lanbide Heziketarako institutuen eta Galarza garraioak eta Loctite enpresen laguntzinoa be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!