Aiko taldeak jantzarako konbita egin gura dau 'Bikaña' disko barriagaz

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-06-15 15:46   Musikea

Aiko taldeak Bikaña diskoa aurkeztu dau Bilbon, gaitearen errepertorioa zabaldu eta aberasteko asmoz. Jantzarako estilo askotako piezak jaso ditue, besteak beste, jotak, tangoak, habanerak, rantxerak eta txotisak.

Aiko taldeak Bikaña diskoa aurkeztu dau Bilbon, gaitearen errepertorioa zabaldu eta aberasteko asmoz. Jantzarako estilo askotako piezak jaso ditue, besteak beste, jotak, habanerak, rantxerak, tangoak eta txotisak.

Bikaña laneko konposizino guztiak Sabin Bikandik egin ditu, Jon Gaminde eta Martin Ariztimuño gaitariek, eta Asier García danbor-jotzaileak interpretau ditue. Danetara, hogei abesti batu dira.

Musika tradizionalaren ondarea zabaldu eta sustatu gura ditu Aiko taldeak, Sabin Bikandik prentsaurrekoan azaldu dauenez.

Asier Garciak diskoak berezitasun asko dituala nabarmendu dau aurkezopenean, haren eritxiz, pieza bakotxak identidade propioa dauka, lan handia egin dau Sabinek. Diskoaren soinuagaz harro dagoela ganeratu dau. Guk zelan entzun, halan grabau gura izan dogu, azaldu dau Garcíak.

Aikogaz beharrean oso gustura egon dirala azpimarratu dabe Jon Gamindek eta Martin Ariztimuñok. Aurrerantzean geu be erromeriaz erromeria ibiliko gara, gogotsu gagoz. Izan be, Bikandik argitu dauenez, Aikoren fitxaje barriak dira.

Bikañaren aurkezpen handia zapatuan egingo dabe, bagilaren 18an, Durangon, Dantzazale Egunaren barruan. Urte osoan martxan egon dan Dantzari ibiltaria proiektuaren ikasturteko azkenengo saioa izango da. Landakoko azoka gunean herri bazkaria egingo dabe, 14:00etan; ostean, 16:00etan, erromeria antolatu dabe bertan. Oraindino jantzan egiteko gogoz dagozanak -esan dau Bikandik- Plateruenan guateke tradizionala eukiko dabe.

Diskoko abestien partitura guztiak Aiko taldearen webgunean dagoz. Patxi Labordaren jantzarako proposamena be ikusgai dago gunean.

Aiko taldea musikari eta jantzariz osotutako alkarte kulturala da, eta bere helburu nagusia musika eta jantza tradizionala ezagutarazotea, zabaltzea, bultzatzea, ikertzea eta erakustea da. Urte osoan ikastaroak, tailerrak eta erromeriak antolatzen ditu, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri batzuetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu