Aitor Mazo: 'Ez dozu topauko 35 urte kotizau dauen artista bat bera be'

Karolina Almagia 2011-05-30 12:39   Barriketan

Aktorea eta zinemagilea

Antzerkia, zinea eta telebisinoa tartekatzen ditu Aitor Mazo aktoreak (Bilbo, 1961), baina zinema zuzendaritzea probau ebanetik hori da gehien gustetan jakon arloa. Udagoienean bere bigarren pelikuleari ekingo deutso, Patxo Telleriagaz batera. Lehenago, Ernesto del Riok zuzendutako Valeria descalza estreinauko dau. Eta bitartean Piratas telesailean kapitan bildurgarri baten papela jokatzen dau astelehenero, Telecinco katean.


1.- Valeria descalza filmeko protagonistea zeu zara. Zelangoa da pelikulea? Eta zelangoa da zure personaia?

Pelikulea nahiko bitxia da, ez da ohiko zinemea. Modako zinematik sano urrun dago. Zinemea egiteko beste ikuspegi bat dauka Ernesto del Riok; istorioak kontetako beste modu batzuk erabilten ditu, eta hori beti da interesgarria. Pelikuleak gai klasikoa dauka, amodio eta desamodioari buruz berba egiten dau. Bolero baten antza dauka. Nik senarraren papela jokatzen dot, baina emazteak ez nau maite...


2.- Filmaketa-lanen zati handi bat Kuban egin dozue. Zelan joan da filmazinoa?

Ondo joan da. Kuban lanean zagozanean, egunak antzekoak dira. El día de la marmota esaten neban nik. Filmau, afaldu, txokorra erre eta betiko kantak entzun. Eta, holantxe, lau-bost aste.


3.- Zelangoa da bertako egoerea?

Jentea akabauta, sistemea akabauta, dana akabauta ikusi neban. Jenteak ezin dau egoerea aguantau. Berrogeita hamar urtetik gora dira. Jenteak ez dauka ezer; jenteak daukan gauza bakarra eskupekoak dira, por la izquierda, eurek esaten daben lez. Kontua da egunero diru piloa ikusten dabela, kanpotarrek ekarten dabena. Horrek guztiorrek ansiedadea eragiten deutse. Dirua erlijino bihurtu da Kuban. Ezin jako jenteari holakorik egin. Ganera, desoreka asko ikusten dira: batzuk oso ondo bizi dira, eta beste batzuk, oso txarto. Sano bitxia egiten jat hemengo jenteak hango erregimenaren alde egitea. Zelan defendatu zeinke zeuretzat gura ez dozuna?


4.- Orain Telecinco kateko Piratas telesailean ikusten zaitugu, Capitán Bocanegra personaiaren papelean. Ondo pasau dozu grabazinoan?

Bai, ederto pasau dot. Aktore batentzako piraten gaia benetan da polita, ez da ohikoa. Galdu behar ez dan aukerea da. Sano ondo pasau dot personaia preparetan; ahotsa landu eta moldatu dot, eta apur bat arriskatu naz. Kapitulu gehiago egin gura neuke. Ganera, filmazinoa Galizian izan da, eta han beti egoten naz oso gustura.


5.- Eta orain beste telesail bat grabetan zabilz...

Bai, orain TVErentzat telesail txiki bat egiten nabil. 1927an, bainuetxe batean pasetan dan istorio erromantikoa da. Istorio polita da. Azpi-jokoa, politikea, amodioa... danetarik dauka. Ni bainuetxeko zuzendaria naz, eta horrexegaitik daukat hau bibotea...


6.- Udagoienean, Patxo Telleriagaz batera, zuen bigarren filmari ekingo deutsazue, ezta?

Bai, hori da gure asmoa. Neguko istorio bat da eta sasoi horretan filmau nahi dogu.


7.- Esaten dabenez, bigarren pelikulea lehenengoa baino gatxagoa da...

Ba, bai, holan da. Sano gatxa, nahikotxu kostetan dabil. Oraindino ez daukagu produkzino guztia lotuta.


8.- Kontuan hartuta zure umezaroa oinarri ebala, gustura geratu zinan La máquina de pintar nubes zure lehenengo pelikuleagaz?

Bai, oso gustura. Nire umezaroa abiapuntua zan, ez besterik. Baina idazten doguzan istorio guztiek dabe loturaren bat gure bizitzeagaz, beti. Egia esan, esperientzia oso ona izan zan. Hasieran bildur ginan, zinema-zuzendaritzan hasibarriak ginalako. Horrexegaitik, filmetan hasi baino lehen ordu asko eta asko egin genduazan dana preparetan, eta gero dana izan zan nahiko erraza. Gure lanbidearen barruan beste lanbide bat deskubridu genduan, lanbide desbardina. La máquina de pintar nubes zuzentzen gauza asko ikasi nituan lanbideari buruz, eta ordutik nire aktore-lana asko aldatu da. Horrezaz aparte, pozik gagoz emoitzeagaz. Nazinoarteko hamahiru festibaletan parte hartu dogu, eta arrakasta handiz ganera. Nahiz eta Bilbon gertatu, edozein lekutan ulertu daiteke, izan be istorio unibersala da.


9.- Pelikula barria guztiz debardina da.

Bai, sei aktoreentzako komedia da. Neu naz aktoreetako bat. Testu polita daukagu, Patxok idatzitakoa. Seguruenez, Bilbon eta Bartzelonan filmauko dogu.


10.- Euskeraz eta erderaz grabau nahi dozue. Zer dala eta?

Ez dogulako bikoizketarik egin gura. Aktoreek euskeraz nahiz gaztelaniaz dakie. Holan egiten ahaleginduko gara, baina denpora gehiago eta aurrekontu handiagoa beharko doguz.


11.- Antzerkia, telebisinoa eta zinemea tartekatzen dozuz. Zelan planteetan dozu zure karrerea?

Ez dot planteetan, datorrena datorrela, inoiz ez dakit zer egingo dodan. Urtean, gitxienez, pelikula bat zuzenduko neuke, baina hori ez da posible, kar-kar... Bizi dogun egoereagaz ezin da beste modu batera planteau. Danok dakigu zer dagoan Euskal Herrian; lan guztia kanpora ataraten da. Hemen artista izatea nahiko latza da.


12.- Madrilen etxea daukazu, urteak daroazuz han, beharrean. Familia, barriz, Bilbon daukazu. Zelan daroazu hori bizimodua, hainbeste bidaia, distantzia, eta hori guzti hori?

Ba, ahal dan moduan. Bilbon bizi naz, ahal dodan neurrian; baina, Madrilera joaten naz beharrera. Joan eta etorri, holan nabil. Ez dago besterik. Hemen ez dago lan handirik guretzako. Ez dago antzerkirik, ez zinemarik, ez produkzinorik, eta Euskal Telebistan.... Aktoreek txiste antzera erabilten dogu Euskal Telebistaren leloa: Etxean zaude. Bai, etxean gagoz. Danok itxaroten, lana noiz helduko zain. Baina, hori oso tristea da. Geldi dago dana. Artisten egoerea larria baino larriagoa da. Lan egiten dabenek be, sarritan ez dabe kobretan, udalek ez dabelako ordaintzen edo atzerapen luze-luzeekaz ordaintzen dabelako. Hemen artisteak ez dauka ezelango babesik. Gure baldintzak patetikoak dira. Ez dozu topauko 35 urte kotizau daben artistarik. Bat bera be ez dozu topauko. Eta kobretan dozunaren parte handia Ogasunak eroaten dau. Hutsaren hurrengoak gara. Kirolagaz konparaketea egiten dodanean, sutan ipinten naz.


13.- Zure lanbidea, batez be, telebisinoa da.

Bai, holan da. Eta zinemea bera be, telebisinoaren esku dago. Beraz, lan guztia telebisinoaren menpe egoten da. Horrezaz aparte, telebisinoak ospea emoten dau, ezaguna egiten zaitu.


14.- Gustukoa dozu hori?

Ba, ez, ez askorik. Ez jat gustetan famoso esaten deustenean. Famoso izatea ez da nire lanbidea. Famoso-ak beste batzuk dira, eta ganera nik baino askoz gehiago kobretan dabe.


15.- Beti gura izan dozu aktore izan?

Beti. Kamioak deskargetan ibili naz, AEKko irakaslea izan naz... baina gehienbat antzerkigintzan ibili naz. Ikastolan beti tontakeriak esaten ebilena nintzan. Beti nahi izan dot istorioak kontau. Nire izeko bat Albeniz zinema-aretoko txartel-saltzailea zan, eta nik hango film guztiak ikusten nituan. Ostean, Bilboko lehenengo antzoki independentea bihurtu zan Albeniz, hara joaten ziran Espainako antzerkigile guztiak. Ha ikusi, eta horreek modukoa izan gura dot pentsetan neban. Lagunei eta etxekoei esan, eta astronauta izan nahi dot esatea moduan zan.


16.- Zu autodidaktea zara?

Nire zoritxarrerako, bai. Ez nago horretaz harro. Irakasle ona eukitea oso inportantea da. Hemen irakasle gitxi dagoz. David Mamet-ek esaten dau: irakatsi ahal deutsunarengandik, beste inorengandik, ezin dozu ikasi lanbide hau. Guk gure senari jarraitzen deutsagu, derrigorrez. Eta horregaitik gogoko dot dakidana erakustea. Lan-prozedura personala daukat. Guzurra beti izan da tabua aktoreentzako. Nik kontrakoa uste dot. Nire eretxiz, guzurragaz egin behar dogu lan. Guzurra funtsezkoa da gure lanean. Guzurretan egiten ez badakizu, zelan egingo dozu benetan? Landu egin behar da, egia emoteko, ez egia izateko. Inoiz ez da egia. Egia dala sinisten daben aktoreek sufridu egiten dabe. Nik ez dot sufriduten. Asko gustetan jat prozesu osoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu