Hur Gorostiaga: 'Euskal Herriak erantzun dau'

Bizkaie! 2011-05-09 11:06   Euskerea berbagai

Hamarnaka milaka lagun batu zituan atzo Herri Urrats 2011k,. Laku bat munduan lemapean, eta eguraldi ederra lagun, Iparraldeko zein Hegoaldeko euskaltzale ugarik gozau eben Senperen. Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen alkarteko buru Hur Gorostiagak gaur bertan, Bizkaie!-ri egindako balorazinoan, sano pozik dagozala adierazo deutso.

Hamarnaka milaka lagun batu zituan atzo Herri Urrats 2011k, Senpereko lakuaren inguruan. Laku bat munduan lemapean, eta eguraldi ederra lagun, Iparraldeko zein Hegoaldeko euskaltzale ugarik gozau eben antolatzaileek atondutako egitarau bete-beteaz.

Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen alkarteko buru Hur Gorostiagak gaur bertan, Bizkaie!-ri egindako balorazinoan, sano pozik dagozala adierazo deutso. Euskal Herriari eskaria egin jako eta Euskal Herriak erantzun egin dau, nabarmendu deusku. Momentu honetan ehun pertsonatik gora dagoz Senpereko lakuaren inguruan gunea garbitzen eta bazterrak atontzen.

Atzo arrastian daborduko Gorostiaga lortutako emoitzegaz gustora egoan: Gauzak ondo doaz, jente asko etorri da. Eta jasotako erantzunagaz pozarren egon arren, Frantziako erakundeen axolagabetasunaren aurrean holango ekitaldiak egin behar izana, salatu eban. Frantziako gobernuak ikastoleei laguntzino gitxiago emongo deutsiela iragarri dabe.

Hainbeste jente batu zan atzo Senperen, makina bat txosnatan jatekoa eta edatekoa agortu egin zala. Autoak eta autobusak aparketako preparetako hamasei hektareako gunea errez bete zan, eta hamaikatxuk bide bazterretan aparkatu behar izan eban, 24 kilometroan zehar.

Igaz, eguraldi txarrak kalte handia egin eutson Iparraldeko ikastolen jaiari, izan be jende kopurua asko jaitsi zan. Aurten, barriz, aurreikuspena bete da, eta makina bat lagun hurreratu ziran Senperara. Herri Urratseko arduradunek jakinarazo dabenez, ganera, Hegoaldetik etorritako jendeak nabarmen egin dau gora.

Herri Urrats 2011n batutako dirua Kanboko Salvador ikastola barriztau eta handitzeko erabiliko dabe. Hasierako Herri Urrats jaiak ikastola hori eregiteko helburua eukan, eta ikastetxe hau da bigarren hezkuntzako ikasketak euskeraz egiteko aukerea emoten lehenengoa.

Proiektua diruz lagundu gura dabenentzako kontu bi zabaldu ditue antolatzaileek:

- Kutxa : 2101 0045 97 0003310786
- Euskadiko kutxa : 3035 0059 82 0590731197

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu