Bilboko Udal Musika Eskoleak hiru tailer barri eskainiko ditu
2011-05-04 11:26 MusikeaEdozeinentzako zabalik, datorren astelehenean, maiatzaren 9an hasiko dira tailer horreek eta musika taldeen zuzendaritzea, ahots inprobisazinoa eta Pro Tools edizino digitalerako programeari eskainitakoak izango dira.
BilbaoMusikaren barruan dagoan Bilboko Udal Musika Eskoleak eta Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpe dagoan erakunde autonomoak ikasturte honetan antolatutako formazino tailerrei amaierea emongo deutse hiru tailer barri antolatuz. Edozeinentzako zabalik, datorren astelehenean, maiatzaren 9an hasiko dira tailer horreek eta musika taldeen zuzendaritzea, ahots inprobisazinoa eta Pro Tools edizino digitalerako programeari eskainitakoak izango dira.
Ikastaroek matrikula epea zabalik izango dabe ikasturte bakotxeko plaza kopurua bete arte eta publiko guztiarentzat dagoz zuzendurik. Era honetara, beste eskola batzuetako irakasleek eta ikasleek be emon leikie izena. Baita, musikarako zaletasuna dauen edozeinek be. Ikastaro bakotxeko partaide kopurua murriztua da eta BilbaoMusikako egoitzan emongo dira, Bilboko Sorkunde kaleko 8. zenbakian. Ikastaro bakotxaren zenbatekoa, ikastaro motaren eta klase orduen araberakoa izango da, baina halan da be, 40 eta 50 euro bitartean izango dira.
Biolea, jantzea, abesbatzen zuzendaritzea, haize-zurezko musika tresnen konponketea eta gitarra flamenkoaren hastapenerako ikastaroen ostean, prestakuntzea osotzeko hiru tailer barri honeek hasiko dira orain. Musika taldeen zuzendaritzea ikastaroari jagokonez, Alain Sancho zuzendari gaztea izango da maisu. Oraindino 30 urte bete ez baditu be, Orkestrarako zuzendaritzan dagoeneko esperientzia zabala dauka eta Bilboko Kamarako Musika Elkarteko zuzendari artistikoaren arduraduna be izan da. Bere tailerra, musika taldeak zein ahots taldeak zuzentzen dituen irakasleei zuzenduta dago eta astelehenetik barikura, maiatzaren 9tik 27ra bitartean, 10:00etatik 13:00etara izango da. Hamabost orduko ikastaroa da eta sei klasetan banatuta emongo da musika analisian eta keinuen adierazpenaren inguruko oinarrizko jarrerak garatzeko ikastaro hau.
Ahots inprobisazino ikastaroa, Ainara Ortega jazz kantari gaztearen eskutik izango da, maiatzeko astelehenetan emongo dauena: 9an, 16an, 23an eta 30ean, hain zuzen. Kantuan dabilzanei zuzenduta dagoan ikastaroa da, nahiz eta jazz errepertorioko klasikoetan oinarrituta egon. Tailerrean emongo diran gaien partiturak matrikula egin ostean BilbaoMusikaren eskutik izango dira eta horreen artean George Gershwin-en Summertime edo I got rythm dagoz. Ikastaroa hamabi ordukoa da eta 17:00etatik 20:00etara bitartean izango dira.
Eta azkenik, edizino digitalerako pro tools ikastaroa, Mr. Jam eskolako Alberto Macías soinu profesional irakasleak eskainiko dau. Hamabi ordukoa da eta maiatzaren 9an, 23an eta 30ean goizeko 10:00etatik 13:00etara izango da. Honetan, oinarrizko ezagutza bat izatea eskatzen da, informatikako eta ingeleseko oinarrizko ezagutza izan beharko dauelarik ikasleak.
Udal Musika Eskoleak 2005etik antolatzen ditu Formazino Tailerrok eta jente ugarik parte hartu dau urte honeetan guztietan. Holan, tailer bakotxak (urtero seitik zortzira bitartean) batez beste ehun parte-hartzaile inguru izan ditu.
Izena emoteko epea
BilbaoMusikan emon daiteke izena (Sorkunde, 8), plazak aurretik beteten ez badira, kurtsoaren hasierara arte. Telefonoz be egin daiteke ondoko zenbakian 94 4164785, edota www.bilbaomusika.net webgunearen bitartez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!