Euskadiko Orkestra Sinfonikoak KlasikAT kontzertuen zikloa antolatu dau bagilaren 4tik 8ra

Bizkaie! 2011-05-03 12:38   Musikea

Egitasmo honegaz EOSek bere musika-eskaintza publiko anitzari zabaltzea dau helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diran eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diran errepertorioak landuz.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) KlasikAT ekimenaren kontzertu zikloa antolatu dau bagilaren 4tik 8ra. Egitasmo honegaz EOSek bere musika-eskaintza publiko anitzari zabaltzea dau helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diran eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diran errepertorioak landuz. Horretarako, orkestrak beren musika-alorrean nabarmenak diran artista ospetsuakaz bat egingo dau.

2010eko irailean, Michel Camilo piano-jotzailea izan zan protagonista, eta oraingoan, EOSek Swing Gaua proposatzen dau, XX. mendeko lehenengo erdiko amerikar musika herrikoia, Piazzollaren tangoa, pop musikea, jazza eta kubatar sona batuko dituan ikuskizunagaz. Sarrerak salgai dagoz honezkero 15 euroan. Ohiko salmenta-bideetan eta kontzertuak izango diran aretoetako leihatiletan erosi ahal izango dira.

Kontzertuak bagilaren 4an, Gasteizko Principal Antzokian; 6an, Donostiako Kursaal Auditorioan; 7an, Bilboko Arteria Campos Eliseos Antzokian eta 8an, Iruñeako Baluarte Auditorioan izango dira.

EOSek, Enrique Ugarteren zuzendaritzeagaz, Susana Raya kantari andaluziarra eta Iñaki Salvador Trío eta Golden Apple Quartet taldeak izango ditu lagun eszenatokian. Estilo, ahots eta musikearen ikuspegi anitz horreen guztien eskutik, Cole Porter, Astor Piazzolla, Gershwin, Ruiz Quevedo edo Chick Corearen obrek aldaera desbardina izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu