Itziarko III. Erromeria Eguna maiatzaren 7an ospatuko da

Bizkaie! 2011-05-02 10:56   Musikea

Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohikoak izan ziran erromeriak gogoratzea eta omentzea da, Andutz Kultur Taldearen esanetan, izan be, erromeriak ziran aurreko belaunaldien sozializazinorako topagunerik garrantzitsuenetakoak.

Hirugarren urtez jarraian, Andutz Kultur Taldeak egitarau sendoa aurkeztu dau euskal erromeriazaleentzat. Aurtengo nobedadea Txankarta; itzalean geratu zen maisua, Joxean Agirre idazleak Antonio Buenetxea Txankartari buruz idatzitako liburuaren aurkezpena izango da.

Itziarko Erromeria Eguna datorren maiatzaren 7an izango da eta egitarauari hasierea emoteko, maiatzaren 6an, arratsaldeko 20:00etan, Joxean Agirre idazleak Txankarta herriko soinujole handienetakoaren gainean idatzi dauen liburuaren aurkezpena eta mahai-ingurua izango dira. Liburuaren aurkezpen ofiziala, halan da be, maiatzaren 3an egingo dabe Kultur Taldekoek Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.

Erromeria Egunaren aurtengo egitarauak aurreko edizinoen ildotik jarraituko dau. Aurten be, Antonio Buenetxea Txankarta soinujole itziartar famatua izango da protagonista, Joxean Agirrek idatzi dauelako haren bizitzaren inguruko liburua. Egitaraua maiatzaren 6an hasiko da, liburuaren aurkezpen eta hitzaldiagaz. Arratsaldeko 20:00etan, Itziarko apaizetxean izango da aurkezpena eta hizlariak, barriz, Joxean Agirre idazlea, Ion Ostolaza soinujolea eta herriko beste hainbat soinujole izango dira. Apaizetxean bertan erromeriaren inguruko argazkien erakusketea be izango da.

Maiatzaren 7a, zapatua, izango da egun handiena. Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, soinujoleak, Vianako eta Itziarko jantza taldeak, albokariak zein Itziarko Bertso Eskolako kideak.


Erromeria Egunaren helburuak

Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohikoak izan ziran erromeriak gogoratzea eta omentzea da, Andutz Kultur Taldearen esanetan. Erromeriak ziran aurreko belaunaldien sozializazinorako topagunerik garrantzitsuenetakoak. Jai edo topagune horreen oinarria hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak batzea izaten zan; izan be, gerraosteko garaietan batzeko eta hartu-emon sozialak lantzeko espazioak urriak ziranez, erromeriak atxakia parebakoa ziran horretarako.

Era berean, musikaz eta jantzaz gozau ahal izateko aukerea be baziran erromeriak, eta euskal kultura tradizionalaren sostengu be izan ziran, neurri batean. Garai haretako gizon-emakumeak erromerietara joateko gosez egoten ziran.

Erromeria Egunaren beste helburuetako bat hildako Antonio Buenetxea Txankarta herriko soinujolea omentzea be bada. Itziarren sortutakoa eta hazitakoa izan zan Txankarta. Izaera biziko gizona izan zan eta soinu handiagaz oso trebea; Gipuzkoako hainbat herri eta bailaretan oso ezaguna izan zan. Gerraosteko urte gogorretan, trikitixea bizirik mantentzeko giltzarrietako bat izan zan Elgeta, Gelatxo eta Sakabigaz batera, besteak beste. Helburu horren harira, Joxean Agirre idazleak, Andutz Kultur Taldearen bultzadapean, azken urtean zehar idatzi dauen liburua aurkeztuko dau.


Andutz Kultur Taldea

Aurten be Erromeria Egunaren antolatzailea Andutz Kultur Taldea izan da. Herriko hainbat alkarte batzeko eta kultur jarduera bateratuaa lantzeko helburuagaz sortu zan taldea, orain urtebete pasa. Besteak beste, Itziarko herri mobimentua berreskuratzeko eta herri kulturea berpizteko helburuak ditu taldeak eta orain arteko alkarteetako kideen artean sorturiko batzordeak daroa gidaritza barria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu