Munduari alderdi positibotik begiratu deutso Jare taldeak lehenengo diskoan

Dabi Piedra Robledo 2011-04-12 15:16   Musikea

Idi Bihotz taldean Mikel eta Gorka Bizar anaiek landutako musikatik urruntzen da Jareren estiloa. Heavy-tik rock-era salto egin dabe, baina Idi Bihotzen esentzia eta nortasuna gorde doguz, heavy-aren eragina nabari da.

Itxaropenaren ertzean izenburua jarri deutsie boskotearen lehenengo lanari eta, askatasun nahia ikurtzat hartuta, kanta konprometiduak atondu ditue, atseginak eta baikorrak. Jare taldearen disko barrian, rock-aren barruko estiloak kutsu pop bategaz zipriztindu ditue, beti be eragin heavy-a ahaztu barik, boskoteko kide bi Idi Bihotz talde ezagunetik datoz eta.

Jare sortzeko ideia 2010aren amaieran hasi zan mamitzen. Mikel eta Gorka Bizar anaiak Idi Bihotz taldeko kideak ziran orduan, baina taldea desegitear egoala eta, gogoetea egin eben, Idi Bihotz barik musikearen mundua faltan izango genduala sumatu eta proiektu barrian pentsetan hasi ginan, esan dau Mikel Bizarrek. Idi Bihotzeko kide biei, Jagoba Ormaetxea, Iñigo Benito eta Kepa de Miguel batu eta holan sortu zan Jare. Diskoak berehala urten eban, hiru hilean-edo prest geunkan, azaldu dau Mikel Bizar abeslariak.

Itxaropenaren ertzean lanean, hamaika kanta topauko doguz, tartean, Xalbadorren heriotzean ezagunaren bersinoa. Kantea preparau eta handik gitxira, Xabier Lete hil zan eta, beraz, omenalditzat hartu daiteke, musikari gazteentzat eredu izan da Xabier, aitatu dabe Jarekoek. Beste kanta baten (Ilargi berria), Ainhoa Cantalapiedra abeslari galdakoztarraren kolaborazinoa euki dabe, telebistako Operacion Triunfo saioan ezagun egin zana, musika-erregistro barriak ekarri ditu Ainhoak diskora, ahots zoragarria dauka, esan dau Mikel Bizarrek. Gatibuko Alex Sarduik be kantetan dau, Itxaropenaren ertzean abestian, Alexek be asko lagundu deusku, esperientzia luzea dauka eta. Gauak eman didana kantuan, bestetik, Jose Luis Korta, Marino Lejarreta eta Patxi Usobiaga kirolarien parte-hartzea nabarmendu behar da.

Idi Bihotz taldean Mikel eta Gorka Bizar anaiek landutako musikatik urruntzen da Jareren estiloa. Heavy-tik rock-era salto egin dabe, baina Idi Bihotzen esentzia eta nortasuna gorde doguz, heavy-aren eragina nabari da, argitu dau Mikelek. Diskoaren preparazinoa berezia izan dala azaldu dau abeslariak gero: entsegu-lokala gitxi erabili dogu, kanten proposamenak e-mailez pasau deutsaguz alkarri, teknologia barriak erabiliz.

Itxaropenaren ertzean, kalidade handiko lantzat aurkeztu dabe, euskal musikearen jokerea horixe da, orain musika-talde gitxiago dago, baina kalidadeak gora egin dau, Mikelen ustez. Diskoan entzuteko aukerea daukagu Jareren estraineko egitasmoa eta, laster, oholtza ganean aurkezteko asmoa be badaukie, taldekideek aurreratu dabenez: Ez daukagu kontzerturik hitzartuta, oraingoz, baina proiektua zuzenera eroatea merezidu dau eta gogoz gagoz emonaldiak egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu