BFAk eta Azkue Fundazinoak 'BandaBeat' sortu dabe, musikan be euskerazko eduki digitalak sustatzeko
2011-04-11 11:29Banda Beat (www.bandabeat.com) sare sozial barria da, besteak ez bezelakoa, eta euskera eta kultura-edukiak modu barritzailean sustatzeko asmoz sortu da, betibe musikea ardatz hartuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazinoak euskerea eta euskerazko eduki digitalak sustatzeko proposamen barria abiarazo dabe, bandabeat.com: euskal taldeak last.fm formatuan izenekoa, hain zuzen be. Banda Beat (www.bandabeat.com) sare sozial barria da, besteak ez bezelakoa, eta euskera eta kultura-edukiak modu barritzailean sustatzeko asmoz sortu da, betibe musikea ardatz hartuta.
Foru erakundetik adierazo dabenez, BandaBeat proposamen barriak MySpace eta Last.fm sareei arrakasta emon deutsien printzipioak bereganatzen ditu zeozelan, baina egokitu egin ditu euskerea mundu osoan bultzatzeko eta Euskadiren mugaz harago heltzeko. Bere arduradunen esanetan, BandaBeat izenak badauka sare sozialen espirituagaz zerikusirik. Gazteei zuzendutako sarea da, hau da, musikea bizi daben baina musikatatik bizi ez diran taldeen erreferentziako sarea izan nahi dau.
BandaBeat.com-ek musika taupadak eskaintzen ditu ingelesez -sarea unibersala izatea lortu nahi dalako- baina, barrikuntza moduan, euskerea sustatzeko metodo bat be eskaintzen dau: euskeraz ez dagozan edukiak be onartzea, baina erabiltzaileari euskerazkoak proposatzea beti.
Egitasmo barriak protagonismo berezia dauka, euskeraz abesten daben taldeak bakarrik onartu beharrean sistema horrek beste edozein hizkuntzatan abesten dabenak be onartzen ditualako. Sistemeak antzeko beste talde batzuk proposatuko deutsoz erabiltzaileari -last.fm-ek legez- baina proposamenen artean leku berezia izango dabe euskeraz abesten dabenek.
Sarearen sustatzaileek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazinoak, musika lehiaketak antolatu eta sariak emongo ditue sare sozial hau dinamizetako. Banden Lehia da horren adibide argia, aurrerantzean BandaBeat-ek antolatu eta sustatuko dauelako musika lehiaketa hori.
Sariak ez dira beti diruzkoak izango, eta beste honeek be izango dira: kontzertu ahaztezinak emotea, talde irabazleen musikea irratian entzutea, disko bat grabetea estudio profesionaletan, eta abar.
Banda Beat-en jatorria Banden Lehia izeneko musika lehiaketak dira. 2009an egin zan lehenengo lehiaketea eta 2010ean bigarrena, arrakasta handigaz. Lehiaketa bakotxak iraun eban hilebetean, bere webguneak 20.000 bisitatik gora izan zituan, 50 taldek baino gehiagok emon eben izena eta 150 abestitik gora erregistrau ziran.
Bi lehiaketen helburua talde amateurrak bultzatzea izan zan, eta bi fasetan antolatu ziran. Lehenengo fasea Internet bidezkoa izan zan; taldeak lehiaketearen webgunean erregistrau behar ziran eta abestiak kargau, gero erabiltzaileek puntuazinoa emon ahal izateko. Puntu gehien lortu zituen lau taldeak finalerako sailkatu ziran.
Bigarren fasea zuzeneko kontzertu bat emotea izan zan; taldeek orduan erakutsi behar zituen euren gaitasunak entzuleen aurrean. Finalistei Apple-n iPod bana emon jaken, eta talde irabazleek 2.000 euroko txeke bana irabazi eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!