Julio Sotok irabazi dau bigarren aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2011-04-11 11:07   Bertsolaritzea

Julio Sotok irabazi eban Nafarroako Bertsolari Txapelketea zapatuan Iruñean egindako finalean. Saio ederra egin eben zortzi bertsolariek Labriten, 1.300 zaleturen aurrean.

Julio Sotok irabazi eban Nafarroako Bertsolari Txapelketea zapatuan Iruñean egindako finalean. Sotorentzat aurtengoa bigarren txapela da, igaz be lortu eban eta. Saio ederra egin eben zortzi bertsolariek Labriten, 1.300 zaleturen aurrean.

Finala estu joan zan, izan be buruz burukoan erabagi zan irabazlea. Julio Sotoren eta Xabier Silveiraren arteko aldea txikia izan zanez -759 puntu Gorritikoak eta 754'5 puntu Lesakakoak-, buruz buruzko ariketa bi egin behar zituen. Azkenean, Sotok lortu eban puntuazinorik altuena, lau puntu eta erdi kendu eutsozan-eta Silveirari. Hirugarren postua Estitxu Arozenarentzat izan zan, 527'5 puntugaz, eta laugarrena Jon Barberenarentzat, 515'5 puntugaz.

Zortzi bertsolariak ederto ibili ziran Labriten, eta kartzelakoa heldu arte ez zan txapeldun argirik ikusi. Kartzelako bertsoak agirian itxi eben Soto eta Silveira, bata edo bestea, izango zala Nafarroako txapelaren jaube.

Manolo Arozenak Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari ohiak jantzi eutson txapela Juñio Sotori. Azkenengo agurrean txapeldunak sufriduten dagozan guztiei eskaini eutsen txapela.

Ondoko hau izan zan Nafarroako Bertsolari Txapelketearen finaleko sailkapena:

Julio Soto: 759
Xabier Silveira: 754'5
Estitxu Arozena: 527'5
Jon Barberena: 515'5
Julen Zelaieta: 512'5
Xabier Terreros: 507
Eneko Lazkoz: 495
Oskar Estanga: 479'5

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu