Euskerazko pelikulak zine-aretoetara eroateko egitasmo bi aurkeztu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak

Dabi Piedra Robledo 2011-03-25 14:28   Barriak

Bizkaiko Foru Aldundiak euskerazko pelikulak zinemara eroateko egitasmo barri bi ipini ditu martxan. Batetik, Zinema zabaltzen programearen bidez, punta-puntako filmak euskerara bikoiztu eta zinema-areto komerzialetan banatu nahi ditue. Bestetik, BizkaiFilma ekimena, hau da, Bizkaiko herrietako aretoetarako euskerazko pelikulen programazinoa.

Bizkaiko Foru Aldundiak euskerazko pelikulak zinemara eroateko egitasmo barri bi ipini ditu martxan. Batetik, Zinema zabaltzen programearen bidez, punta-puntako filmak euskerara bikoiztu eta zinema-areto komerzialetan banatu nahi ditue. Egitasmo horretako lehenengo pelikulea Arthur eta munduen gerra izango da; datorren astean aurrestreinaldia egingo dabe, eta maiatzetik aurrera eukiko dabe herritarrek frantziar pelikulea euskeraz ikusteko aukerea. Bestetik, BizkaiFilma ekimena be martxan jarri dau Foru Aldundiak, hau da, Bizkaiko herrietako aretoetarako euskerazko pelikulen programazinoa. Proiektu bietarako, Barton Films enpresearen kolaborazinoa euki dau Aldundiak.

Arthur eta munduen gerra, Frantziatik datorren animazinoko pelikulea da, Luc Besson zuzendari ezagunak egina. Abentura istorioa da, Arthur pertsonaia da protagonistea eta mundua menperatu gura dauen gaizkile bati aurre egin behar deutso. Arthur personaiaren trilogiako hirugarren filma da, zuzendari ezaguna dauka eta, beraz, umeen artean arrakastea izateko osogai guztiak daukaz, nabarmendu dau Barton Filmseko arduradun Maria Jose Diezek. Lan honegaz publikoa euskerazko zinemara hurreratu gura dogu. Goi-mailako filmak bikoiztearen alde egingo dogu beti Zinema Zabaltzen programan, ganeratu dau Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak. Bizkaiko ume guztiak euskerea gitxienez ulertzeko gai dirala esan geinke, horregaitik, aukeratu dogu umeentzako filma, azaldu dau Ariztondok.

Arthur eta munduen gerra filmaren aurrestreinaldia martiaren 31n egingo dabe, arratsaldeko zazpiretan, Bilboko Capitol zineman. Maiatzetik aurrera, zinema-areto komerzialetara helduko da pelikulea eta euskerazko bersinoa be ikusgai egongo da, Zinema Zabaltzen programeari esker. Hau egitasmoko lehenengo filma da, baina ostean gehiago euskeratzeko lanean gabilz, zehaztu dau Josune Ariztondok.

Beste alde batetik, BizkaiFilma egitasmoa be martxan dago honezkero. Euskerazko filmak modu erregularrean, programazino egonkor baten bidez, Bizkaiko herrietara eroatea da proiektu honen asmoa, Maria Jesus Diezek laburbatu dauenez. Holan, 55 film daukiez prest eta, oraingoz, 24 udalerritara hedatzeko akordioa eginda dago, gehiago batuko diran esperantzan ganera. Gaur bertan, hilaren 25a, hasiko dira proiekzinoak, Abadiñon (Ametsen lapurra) eta Maruri-Jataben (Kristobal Molon). Zemendira arte, gitxienez, BizkaiFilma egitasmoko proiekzinoak egitea pentsetan dabe.

Josune Ariztondok azaldu dauenez, mota honetako ekimenekaz euskereari bultzadea emoten jako, baina BizkaiFilma eta Zinema Zabaltzen egitasmoen helburuak gehiago dira, zehatz esateko hiru, Kultura diputaduaren esanetan: Bat, jakina, eguneroko bizitzan euskerea normalizetako jenteak ipinten dauen gogoari erantzutea; bi, kultur arloko eta astialdiko eskaintzea handitu eta herrietara zabaltzea; eta azkenengoa, Bizkaiko ikus-entzunezkoaren sektorea babestu eta horren jarduna begien bistara ekartea. Ariztondok Barton Filmsen interesa eskertu dau hori guztia erealidade bihurtzeko, eta enpresa horretako Maria Jesus Diezek be konpromisoari eusteko asmoa agertu dau, eta etorkizunean goi mailako film gehiago euskeratzeko lanean dabilzala baieztau dau.

Erantzunak

rozio 2011-03-25 15:08 Erantzuna | #1

Umeentzako pelikulak bikoiztu, ados, baina helduentzako pelikulak azpitituluekaz ikusten ohitu beharko gara, ganera bizkaieraz be ikusteko aukera eukiko genduke

Dabi 2011-03-25 15:40 Erantzuna | #2

BizkaiFilma egitarauan badagoz helduentzako pelikulak be

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu