'Sunakali' filmak irabazi dau Thinking Football jaialdia
2016-04-20 17:33 BarriakAthletic Club Fundazinoak antolatutako Thinking Football jaialdiko ikusleek holan erabagita, Nepalgo zinemagile batek, Bhojrat Bhat-ek, irabazi dau aurtengo sari nagusia, Sunakali filmari esker. Loraldiagaz alkarlanean eratutako euskerazko bideoen lehiaketea Jabi Juberak eta Eñaut Barandiaranek irabazi dabe, Jokoz kanpo lanagaz.
Athletic Club Fundazinoak antolatutako Thinking Football jaialdiko ikusleek holan erabagita, Nepalgo zinemagile batek, Bhojrat Bhat-ek, irabazi dau aurtengo sari nagusia, Sunakali filmari esker. Loraldiagaz alkarlanean eratutako euskerazko bideoen lehiaketea Jabi Juberak eta Eñaut Barandiaranek irabazi dabe, Jokoz kanpo lanagaz.
Futbola, zinemea eta gizartearen kezkak batzen ditu Thinking Football jaialdiak. Aurten be, hainbat film ikusi ahal izan dira BBK Salako proiekzinoetan eta ikusleek eurek izan dabe lanik onena aukeratzeko ardurea, botoa emonda. Bhjorat Bhaten Sunakalik jaso dau botorik gehien eta, hortaz, zuzendari nepaldarrak Angel Garrazak eginiko eskulturea eta 2.000 euro jasoko ditu. Dirua futbolagaz lotutako proiektu sozial batera bideratu beharko dau.
Nepalgo landa-eremuko herri bateko nesken taldea da Sunakali filmaren ardatza. Baliabide barik eta eguneroko lan nekezak emondako atsedenaldi apurretan jokatzen dabe futbolean Mugu eskualdean. Filmak erakusten dau zelan talde apal hori Nepalgo txapelketea jokatu eta irabaztera heltzen dan eta ahaleginari esker amesak egia bihurtu leitekezala aldarrikatzen dau.
Sunakalik berak, hain zuzen, 2015eko Bilbao Mendi Film jaialdian be saria jaso eban, kasu horretan Kulturea eta Naturea sailean. Beraz, Bilbon sari bi jaso ditu dagoeneko 2014an Nepalen errodautako pelikula horrek.
Beste alde batetik, Loraldiagaz alkarlanean, euskerazko bideo laburren lehiaketea antolatu dau, aurten lehenengoz, Thinking Footballek. Kirolagaz lotutako istorio laburrak saritu ditue hor. Jabi Juberak eta Eñaut Barandiaranek egindako Jokoz kanpo bideoa izan da aurtengo irabazlea. Iratxe Fresneda, Jon Maia, Itziar Ituño eta Ana Angulo egon dira epaimahaian.
Jubera eta Barandiaranen lanagaz batera, finalista izan dira Irene Urruzolaren Hako hako, Irene Fernandezen Uuuuuyyy! eta Gorka Irizarren Athletic ez du generorik. San Mameseko markagailuan emongo ditue horreek filmak, hurrengo partiduen atsedenaldietan.
Sunakali filmaren trailerra, hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!