Artea neurtzea ardatz Zeanuriko Eleizondon, San Balendin jaietan, zezeilaren 16an
2020-02-11 12:24 Barriak62 urte beteko ditu artea neurtzearen tradizinoak.
Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen inguruan. San Balendin egunaren osteko domekan, zezeilaren 16an. Aurten artea neurtzen daben 62. urtea izango da.
Jaia ospatzeko egitarau apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, santua eleizatik atara eta herriko umeek santuari agurra egingo deutse jantzan eta ostean parrokitatik 50 metrora dagoan ermitara bidea egingo dau prozesinoak, datorren urtera arte bertan ixteko. Jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie eta neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak —Gabriel Herrerosek—, datorren urtekoari —Xabier Intxaurragari— agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Ostean, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta Arkaitz Estiballes bertsolariaren kantuen artean egingo dira.
Egitarau honetan aitagarria da orain dala hirurogeta bi urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hamalau urte —aldi batean bertan behera itxita egon ostean— berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.
Artea neurtzea
Pedro Lejarza eleizondotarraren arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —gonbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak bota eta bertsoak abestuz, artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta(+) arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak dagoz: lehenengo neurketea 1959koa da, eta ondokoa irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.
Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak (+) egin eban 1999an; papeltxu batean ondokoa idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 zirkunf.: 1,50.
Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta Pedro Lejarzak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz gan, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. 2008an, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honi, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Zuhaitzari neurria hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta (+) aurduratu izan da 2105era arte. Gregorio 2015ean hil egin zan eta 2016an Gregorioren lekukoa Igor Intxaurraga eleizondotarrak hartu eban. Aurrerantzean bera izango da neurtzailea.
Igaz arteari hartutako neurria honako hau izan zan: 189,70 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran. Zein izango ete da aurtengo neurria?
Piedadea ermitea
Piedadea izenagaz ezagutzen dan ermitan dago San Balendinen irudia urtean zehar. Ermita hau Eleizondoko gune maonumentalaren parte da. Gune horretan ondare interesgarria osotzen daben honako elementu honeek dagoz:
* Andra Mari parrokia: 1702 eta 1751 urteen artean eregia, aurrerago egoan beste eleiza bat aprobetxauta. 1994. eta 2002. urteen artean, zaharbarritua izan zan. Bizkaiko erretaularik ederrenetakoa ikusi daiteke bertan.
* Piedade errendegi baseleizea: Bere eleizpetik igaroten zan Erdi Aroko galtzadearen arrastoak ikusi daitekez oraindino. Ermitearen aurrean arte eder bat dago, orain dala 60 urtetik eleizondotarrek San Balendin egunean neurtzen dabena.
* Nestor Basterretxearen kurutzea: Gorbeiako Kurutzearen mendeurrena ospatzeko altzau zana.
Piedadea ermitearen ezaugarriak
Eleizondoko Piedadea, errendegi ermitea —ermita humilladero gazteleraz— izenaz ezagutzen dan tipologiakoa da. Era honetako baseleizak herrien sarreretatik hur, bide bazterretan, eregiten ziran edota, Piedadearen kasuan lez, eleizpetik galtzadea igaroten zan. Eleizondon oraindino ikusi daiteke Erdi Aroko galtzadearen tarte txiki bat.
Antxina, era honetako ermitetan Gurutzearen aurreko errendia edo santutxua egiten zan; zeremonia horren bidez ibiltariak bere fidel izakerea adierazoten ei eban, hau da, ez zala moroa ezta judua be; horrezaz gan, herrian sartu aurretik, gogo baketsuakaz etorrela adierazo gura eban.
Eleizondoko Piedadea baseleizea XVIII. gizaldikoa da. Oin laukizuzena — 7,20 m X 5,30 m— dauka; hormak errekarrizkoak dira, harlandu txikiakaz ertzetan eta huts-guneen inguruetan. Lau uretako teilatua dauka, eta ez dauka kanpantorrerik.
Eleizpea zarratua da, eta puntu-erdiko ate bi eta leiho zabal bat daukaz, hau be puntu erdikoa. Sarrerek burdinaz sareztatutako ateak daroez eta leihoak be burdindun hesia dauka.
Baseleizarako sarrerea puntu erdiko arku bat da, egurrezko hesi bategaz zarratua, arku horretan txertatzen da barrura sartzeko egur-atea.
Baseleizan dagozan irudiak: Piedadea, Jesusen Bihotza eta San Balendin.
Lehenago San Balendin eguneko mezea parrokian emoten zan. Jai bezperan santuaren irudia parrokiara eroaten zan prozesinoan, eta San Balendin egunean, ermitearen inguruan buelta bat emon ondoren, jatorrizko lekuan ixten zan. Azken urteotan ohitura hau berreskuratu egin da.
San Balendin zaharbarritua
2017. urtean, Eleiz Museoak zaharbarritu egin eban San Balendinen irudia. Zaharbarritze lanetan 3 atal ezbardin bereiztu daitekez:
1- Kolorea finkatu, aurrerantzean arrakalatu edota hondatu ez daiten.
2- Estukatu (bol edo igeltsu finaren antzeko sustantzia aplikau) eta estukoa barriro zizelkatu, holan jatorrizko zizelkatzea errespetetako.
3- Berpolikromtu (estukoaren gainean margotu). Ia irudi osoa berpolikromau da.
Lan sakonena arpegian eta eskuetan egin zan. Jatorrizko polikromia kontuan hartuz, irudia zaharbarritu egin zan XVIII. gizaldiaren bigarren erdiko irudien eredua jarraituz, eskultura hau segurutik sasoi horretan zizelkatutakoa da eta.
San Balendin
Erromatar Martirologioak Balentin izenagaz santu bi aitatzen ditu: bata, abadea da eta bestea, gotzaina. Beharbada, nahasketea be egon daiteke, eta persona berberari buruzko historia bi izan daitekez: Bata, Terni-ko San Balendin da, Interamnako (gaur egungo Terni) gotzaina, ospetsua izan zan ebanjelizazino lanagaitik, osatzeakaitik eta mirariakaitik. Aureliano enperadorearen jazarpenetan gartzelaratu eta burua ebagita hil egin eben K. o. 273an. Haren gorpua Terniko katedralean dago.
Bestea, Erromako San Balendin da. Klaudio Godoa enperadoreren jazarpenetako biktimei laguntzen eutsen. Baina bera be gartzelaratua eta torturatua izan zan, eta burua ebagita hil egin eben, 268ko zezeilaren 14an. Haren erlikia gehienak Santa Praxades eleizan dagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!