'Amama' eta 'Muros / Walls' lanak saritu ditue Nantesen

Bizkaie! 2016-03-30 10:59   Barriak

Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dauen Fenêtre Basque ataleko bi film saritu ditue Nanteseko Zinemaldian: Asier Altunak zuzendutako Amama lanak Epaimahai Gaztearen Saria irabazi dau, eta Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren Muros / Walls lanak, barriz, Dokumental Onenaren Saria.

Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dauen Fenêtre Basque ataleko bi film saritu ditue Nanteseko Zinemaldian: Asier Altunak zuzendutako Amama lanak Epaimahai Gaztearen Saria irabazi dau, eta Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren Muros / Walls lanak, barriz, Dokumental Onenaren Saria.

Fenêtre basque (Euskal leihoa) Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiak bere barruan hartzen dauen euskal zinema programazinoa da; aurten 16. urtez zabaldu da leihoa, egun Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dauena, Euskadiko Filmategiaren laguntzinoagaz. Atal honek euskal produkzinorik nabarmenenak, eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenak jasoten ditu. Julio Verneren jaioterria Frantziako kritikari profesionalen eta zinema-industriaren uria be bihurtzen da urtero 26.000 bat ikusle batzen dituan Nanteseko Zinemaldian, eta Fenêtre Basque atalaren ondorioz guztiak ohituta dagoz honezkero euskal zinemea ikusten.

Aurten, Nanteseko 26. Zinemaldian, Fenêtre Basque programako zenbait film lehiatu dira, hain zuzen be, Amama (Asier Altuna) eta Lejos del mar (Imanol Uribe).

Opera Prima sailean bi euskal film gehiago lehiatu dira, igaz Mikel Rueda bilbotarrak eskuratu eban garaikurra eroateko esperantzeagaz: Un otoño sin Berlín Lara Izagirre zuzendariaren eta Gorka Izagirre produktorearen eskutik eta Pikadero (Ben Sharrock). Euskerea lehiaketako bi atal nagusietan entzun da, beraz.

Film laburren atalean, 2015eko Kimuak programako film guztiak eskaini ditue, eta horreetatik Tucker Dávila Wooden Duellum izango da ikusleen sariaren bila joango dana.

Gainera, Donostiako San Telmo Museoagaz lankidetzan, zinemaldiak  Elías Querejeta produktore hernaniarra omendu dau, Pedro Usabiaga donostiar argazkilari ospetsuak komisario izan dauen Elías vida mía erakusketearen bitartez. Querejeta gogoan izan da jaialdi osoan, izan be, Fernando León de Aranoak Un día perfecto pelikuleagaz zabaldu dau programea, eta Gracia Querejeta haren alabeak zarratu dauelako,  Felices 140 filmagaz.

Nantesen euskaldunen partaidetzea zabalagoa be izan da: Olivier Masset-Depasse zuzendariaren Santuario eta Mikel Ruedaren A escondidas be ikusgai izan dira zinemaldian; Ricardo Aldarondo donostiar kazetaria dokumentalen epaimahai buru lanetan ibili da eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak amaiera ekitaldian parte hartu dau herenegun.


Amama

Astegoienean, Grenobleko Ojoloco zinema jaialdiak emoten dauen sari bakarra be jaso dau Asier Altunaren Amama lanak, ikuslearena, hain zuzen be.

Igazko Donostiako Zinemaldian estreinau, nazinoarteko hogei zinemaldi baino gehiagotan parte hartu eta orain arte makinatxu bat sari irabazi ostean, datozen asteotan Asier Altunak Puerto Rico, Manchester, Teheran eta Italian aurkeztuko dau filma.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu