14 film luze eta 25 labur lehiatuko dira FANT jaialdiaren sail ofizialean
2016-04-20 14:57 BarriakMaiatzaren 6tik 13ra bitartean egingo da Bildurrezko eta Fantasiazko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia, FANT, Bilbon. Aurtengo edizinoan aurrekoetan baino eskaintza zabalagoa preparau dabe. Sail ofizialaz gan, ziklo bereziak eta umeentzako proiekzinoak eukiko ditu FANTen 22. ekitaldiak. Can Evrenol turkiarrak jasoko dau Fantrobia saria.
Maiatzaren 6tik 13ra bitartean egingo da Bildurrezko eta Fantasiazko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia, FANT, Bilbon. Aurtengo edizinoan aurrekoetan baino eskaintza zabalagoa preparau dabe. Sail ofizialaz gan, ziklo bereziak eta umeentzako proiekzinoak eukiko ditu FANTen 22. ekitaldiak. Can Evrenol turkiarrak jasoko dau Fantrobia saria.
Eugenio Puerto jaialdiko programatzailearen esanetan, FANTek jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emon dau: Zinema bikaineko 130 ordu baino gehiago programau doguz. Nabarmendu dauenez, film luzeen sail ofizialean, igaz baino pelikula bat gehiago egongo da. Nazinoartean kritika onak jasotako film ugari ekarriko ditue Bilbora.
Sail ofiziala hiru ataletan banatzen da: Film luzeena, atzerriko film laburrena eta euskal film laburrena. Atal bakotxean sari nagusi bat egongo da, Fiona O´Shaughnessy, Laurence R. Harvey eta Jose Maria Clemente epaimahaiko kideek emonda. Filmak jatorrizko bersinoan, gaztelaniaz azpititulauta, emongo ditue. Euskal filmen saileko hamaika pelikulek euskerazko azpitituluak be eukiko ditue, baita beste lauk be.
Espainian estreinaldi diran bost premiere hartuko ditu sail ofizialak: William Brent Bellen The Boy, Cameron Cainesen Scare Campaign, Jay Lenderren eta Micah Wrighten They´re Watching eta Darling, eta baita Europan lehen aldiz ikusi ahal izango dan Resurreccion be.
Lehiaketara aurkeztuko diran ganerako film luzeak honeek dira: El Eslabon Podrido, Los parecidos, High Rise, Der Bunker, The Mind´s Eye, Southbound, Lovemilla, Sun Choke eta Green Room.
Bildurrezko edo fantasiazko zinemea egiten daben zinemagileentzat erreferentzia bihurtzen hasi da FANT. Aurtengo ekitaldian parte hartzeko, 850 proposamen baino gehiago jaso ditue. Generoaren barruan, askotariko filmak emoten doguz, ganeratu dau Justo Ezenarro jaialdiko zuzendariak.
Lehiaketaz kanpoko sailei jagokenez, antolatzaileek publiko barriak erakarteko ahalegina azpimarratu dabe. Azkuna Zentroko Golem zinemetako proiekzinoak doban izango dira eta Fanteskola programeari esker, umeentzako programazino berezia eskainiko da, euskeraz, ikastetxeentzat.
Panorama Fantastikoa sailean, ohorezko sari bi emongo ditue, sail ofizialetik kanpo geratu diran film horreen artean be harribitxiak egoten diralako. Norma Vila, Miguel A. Refoyo eta Howard Gorman egongo dira sail horretako epaimahaian.
La Aventura Audiovisual enpresa banatzailearen zikloa, Hammer produktora birtainiarreko filmen atala, David Lynch-en Tertziopelo urdina lanaren 30. urteurrenagaitik antolatutako proiekzinoa, gaueko sesino berezia... programazino bete-betea dakar aurten FANTek. Horri, apirilaren 27tik maiatzaren 1era egingo dan Pre-FANT gehitu behar jako.
Sari-banaketa ekitaldia maiatzaren 13an izango da, BBK Salan. Bertan, Fantrobia saria emongo deutsie Can Evrenol zinemagile turkiarrari. Can Evrenolen lehenengo film luzeak kritika onak euki ditu, uste dot nazinoarteko izar barrietako bat izango dala, adierazo dau Justo Ezenarrok. Evrenolen Baskin lana, hain zuzen, BBK Salako ekitaldian ikusi ahal izango da.
FANTeko emonaldi guztietara sartzeko bonoa 30 euroan salduko dabe, eguenetik, apirilaren 21etik, aurrera. Bizkaitik ez eze, inguruko lekuetatik be gero eta jente gehiago etorten dala nabaritu dogu, baita Bartzelonatik eta Madrildik be, azpimarratu dau Justo Ezenarrok.
Bere txikitasunean, FANTek lekua egin dau nazinoarteko fantasiazko zineman. Txikia baina kalidadekoa eta profesionala da, dino Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotziak, hazten segidu nahi dogu. Kalidadearen aldeko apustu horren erakusgarri, AIC ziurtagiria lortu dau FANTek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!