Nontzeberri: 'Internetek behartzen gaitu gauzak egunean jarten'

Bizkaie! 2011-03-16 09:50   Barriketan
Nontzeberriko kideak

Nontzeberri euskerea eta kulturea ardatz dituan ataria goitik behera erabarrituta agertu jaku gaur, martiak 16; hainbat aldaketa eginik, estiloz eta formaz, barriztauta agiri da webgunea, baina betiko helburuari eutsiz geure kulturea lau haizetara zabaltzea, hain zuzen be. Barrikuntzen nondik norakoak Nontzeberriko Juanra Maradriagak azaldu deuskuz:


1.- 2007an aldatu zenduen azkenekoz webgunea. Hiruzpalau urte geroago zahar geratu jatzuez aldaketok?

Juanra Madariaga: Internetek behartzen gaitu gauzak egunean jarten. Azken urteotan bere ibilbidea egin dau Nontzeberrik baina beti egon gara adi, besteek be zer egiten daben aztertzen; eten barik aldatzen doan oihan ikaragarri handia da Internet eta sasoi barrietara egokitzea nahitaezkoa da trena galdu gura ez badozu.


2.- Orain egun batzuk aurreratu zenduenez, webgune dinamikoagoa, ikusgarriagoa eta erabilerrazagoa izango da Nontzeberri martiaren 16tik aurrera...

Bai. Hori da bidea eta egungo joerea. Internauteak informazinoa nahi dau baina alkarreraginerako aukerak be eskatzen ditu eta ikusgarria eta erakargarria izatea be oinarrizko osogaiak dira. Erabiltzaileak atal barriak be topauko ditu gurean, besteak beste, Infokultura, Asteko Plana, Euskal Blogosgera eta NontzeTV. Irudiari aparteko garrantzia emongo deutsagu eta inguruan jazoten dan guztiak bere txokoa izango dau.

Horrezaz gan, publizidadea eskaintzen be hasiko gara eta aldaketa barri honeekaz guztiakaz batera, lehiketa txiki bat antolatu dogu, kolaboratzaile profesionalak lortzeko lehiaketea, hain zuzen be. Horretarako, kazetaritza lana bialdu beharko da apirilaren 15a baino lehen: nontzeberri@nontzeberri.com helbidera. Ekimenean kultureagazko eta komunikazinoagazko zaletasuna dauen edozeinek parte hartu ahal izango dau: kazetariak, lizentziatuak, unibersitarioak, blogger-ak, musika-kritikariak, idazleak, dramaturgoak, artistak, poetak, zutabegileak…

Epaimahaiak bi kolaboratzaile aukeratuko ditu maiatzaren 15ean, eta 12 artikulu egin beharko ditue 6 hilebetean (hilean 2). Lan horren truke 750 euro (BEZ barne) jasoko ditu bakotxak. Informazino gehiago hemen.


3.- Atal barrien gainean zehetasun gehiago emongo zeunke?

Nontzeberrik euskereari eta kultureari eutsiz, orain arteko moduan informazinoa emoten jarraituko dau baina abiarazo dogun fase honetan txoko barri batzuk izango dira hasiera-hasieran kolore desbardinen bitartez sailkatuta. Gero NontzeBlogosfera izeneko atal handi bat agertuko da, blogintzeari dedikautako atal barria, blogarien arteko hartu-emonak eta bideratzeko.

Horrezaz gan, irudiari jagokonez, 70 argazkilari profesional ingururen lanakaz osotutako Argazki Gela atalari eutsiko deutsagu baina arlo honetan, barri-barria izango da Nontze TV; bideoen zabalkunderako atala izango da eta geuk egindakoak ez eze, hainbat plataformatatik hartutako zein erabiltzaileek eurek bialtzen deuskuezan bideo interesgarrienak edo ikusgarrienak be sartuko doguz.


4.- Azken urteotan, webgunearen ohiko jardunbideaz aparte, Nontzefilm, Kalesound eta bestelako ekimenak be antolartu izan dozuez. Aurrerantzean be bide horretatik jarraituko dozue?

Bai. Informazinoaz aparte beti saiatu gara holako ekimenak ataraten, beste diziplina batzuk indartzeko gogoz eta, esangura horretan, zeuk aitatutakoez eta beste batzuez gan, Bilblogari antolatzen dogu urtero, blogari gazte euskaldunei zuzendutako lehiaketea. Igaz bigarren edizinoan aurreko marka guztiak txiki itxi genduzan, 50 bat parte-hartzaile izan ziran eta aurten be antzeko mailan ibiliko garela pentsetan dot.

Beste ideia batzuk be badaukaguz buruan bueltaka baina denporeak esango deusku zein parametrotan eta zein neurritan gauzatuko diran baina Nontzeberri geldi ez dagoan webgunea da eta izango da aurrerantzean be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu