Gernika-Lumoko Udalak 'Guernica' Gernikara nazinoarteko kanpainea abiatu dau
2011-02-28 11:49Gernika-Lumoko Udalak Picassoren Guernica pintura ezaguna Gernikara ekarteko nazinoarteko kanpainea martxan ipini barri dau. Jose Maria Gorroño alkateak adierazo ebanez, euren helburua 500.000 sinadura batzea da. Ekimenari babesa emoteko www.guernicagernikara.net webgunea sortu dabe.

Gernika-Lumoko Udalak Picassoren Guernica pintura ezaguna Gernikara ekarteko nazinoarteko kanpainea martxan ipini barri dau. Jose Maria Gorroño alkateak ekimenaren aurkezpenean adierazo ebanez, euren helburua 500.000 sinadura batzea da, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioari izapideak egiten hasi daiten eskatu ahal izateko.
Ekimenari babesa emoteko www.guernicagernikara.net webgunea sortu dabe. Horrezaz gan, Facebook eta Twitter sare sozialetan be laster egongo da aukerea.
Gorroñok kanpainearen aurkezpenean azaldu ebanez, euskal askatasunen eta Europako demokrazia zaharrenetako baten etxe zalako bonbardeau eben Gernika-Lumo. Ez zan kasualidadez jazotako zeozer izan. Koadrua Bilboko Guggenheim Museora eroateko Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako eskaerea be gogoan izan eban Gernika-Lumoko alkateak.
Guernica Gernikara mobiduteko ahalegin bat baino gehiago egin dau udalerriak. Urtarrilean izan zan azkenengoa, Eusko Alkartasuna alderdiak aurkeztutako mozinoa onartu zanean.
Ekimenari lotuta, Gernika-Lumoko Udalak Nazino Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-Mooni gutun bat bialduko deutsola azaldu eben. Gorroñok berak ekitaldian zehaztu ebanez, apirilaren 26an bonbardaketearen 74 urteurrena dala-eta, Gernikako biktimak omentzeko eta holango sarraskiak sekula pasau ez daitezen aitamen berezia egiteko eskatuko deutso Ban Ki-Mooni.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!