Bilboko udal artxiboko webguneak 25.000 bisita baino gehiago jaso zituan maiatza eta abendua bitartean

Bizkaie! 2011-02-08 14:13

Bilbo uriaren bizitzan garrantzi handia izan dauen eta dauen gobernu organoak hartutako erabagiei buruzko informazinoa jarri da herritar guztien esku, eta ikerlariei, baina baita jakinmina daben ganerako personei be, Toki erakundetik sortutako Bilboko informazino administratibo eta historiko guztia eskaintzen jake.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Udal Artxiboaren webgunea jarri eban martxan 2009ko urtarrilean, eta joan dan maiatzean bi on-line baliabide gehitu zituan. Lehenengoak, Udalbatzaren aktak izenekoak, 1902tik 1970era bitarteko Udalbatzen jatorrizko aktetara sartzeko aukerea emoten dau, eta, bigarrenak, Bilbokale izenekoak, Bilboko ia mila bide publikoren historikoa jasoten dau.

On-line baliabide horreek martxan jarri ziranetik, udal artxiboko webguneak jaso dauen bisita kopurua boskoiztu egin da, eta abendura arte 25.000 baino gehiago jaso zituan, hau da, batez beste 3.087 hilean.

Udalbatzaren aktak izeneko baliabideak, uriaren nondik norakoari buruzko ondare dokumental baliotsua jarri dau ikerlarien eta herritar guztien esku. Doban kontsulta daiteke munduko edozein lekutik eguneko 24 orduetan.

Baliabide horrek, Udalbatzen jatorrizko aktei jagokezan digitalizautako 61.000 dokumentu –eskuratzeko modukoak– jasoten ditu, eta, aurreikuspenen arabera, datozen hilebeteetan kopuru hori zabaldu egingo da, 1988. urtera heltzeko, eta ondoren XIX. mende osoa sartzeko (1800-1901). Holan, katalogoen erregistroak zabaldu ahala, zerbitzuan jarten joango dira. Kultura eta Hezkuntza Sailaren aurreikuspenen arabera, bi urteko epean, gehienez be, dokumentu guztiak bertan egongo dira.

Funtzionamendua oso erraza da. Erabiltzaileak bilaketa orokorra edo aurreratua egin leike. Bilaketa aurreratuak bilaketa errazteko erispideak ditu, aurkibide onomastikoak (personen izenak), toponimikoak (lekuen izenak) entidadeenak (erakundeak, ekitaldiak…) eta materienak. Denpora honetan guztian Udalbatzetako akordioetan jaso dan edozein informazinora sartzeko aukerea izateaz gan, datu baseak jatorrizko aktaren irudi digitalizatua ikusteko eta eskuratzeko aukerea emoten dau, eta, holan, ikerlariak akordioaren idazketa osoa eta jatorrizkoa jaso leikez, jatorrizko ondare dokumentalak Bilboko Udalaren esku jarraitzen dauen bitartean.

Tresna horri esker, gure uriaren bizitzan garrantzi handia izan dauen eta dauen gobernu organoak hartutako erabagiei buruzko informazinoa jarten da herritar guztien esku, eta ikerlariei, baina baita jakinmina daben ganerako personei be, Toki erakundetik sortutako Bilboko informazino administratibo eta historiko guztia eskaintzen jake.


Kale izendegia

Bilbokale, Bilboko bide publikoen oraingo zein lehengo izenak eta horreek izandako aldaketak jasoten dituan datu basea da, eta bertan zehazten da noiz egin dan aldaketea eta aldaketa bakotxaren eguna eta zein erakundek bultzatuta egin zan. Holan, Bilboko kale nagusien 987 historiko dagoz.

Baliabide honek, aurrekoagaz jazoten dan legez, eguneko 24 orduetan eskaintzen dau sartzeko aukerea. Horrezaz gan, kaleen izena eta bilakaerea aztertzen dituan informazino tresna baliotsua da. Tresna hori udal administrazinoari dago zuzenduta batez be, baina baita ganerako herritarrei be, urigintzeagaz lotutako informazinoa bilatzeko. Horrezaz gan, ikerlariek euren lanetarako datuak be bilatu leikiez, igaro diran gobernuek kaleen izendegian izan daben eragina edo hizkuntzearen araberako aldaketak, besteak beste.

On-line aplikazinoak, Eraikuntza Espedienteak izeneko datu baseagaz osotuko dira. Bertan, Bilbon dagozan eraikinetako obra handiei buruzko txostenak erregistrauko dira, Bilbon dagozan etxebizitzen eta bestelako higiezinen eraikuntza espedienteen bilaketea errazteko, izan be, gai horrek kontsulta asko sortzen ditu.

On-line baliabideez gan, Udal Artxiboak zerbitzuari buruzko informazino orokorra, funts erabilgarriei, zerbitzuei, sartzeko baldintzei eta lege araudiari, buruzko informazinoa, beste artxibo interesgarrietarako loturak eta erabiltzaileen iradokizunak jasoteko postontzia be batzen ditu.

Udal Artxiboaren webgunerako sarrerea Bilboko Udaleko webgunearen bitartez egin behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu