Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko irakurleen kopurua bikoiztu egin da 2004an abiatu zanetik
2011-02-04 15:38Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kudeatzen dau Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea; EAEko 172 liburutegik osotzen dabe Sarea, 217 zerbitzu-tokitan eta 224 sukurtsaletan banaturik.

Bost urte igaro dira 2004an Euskadiko Liburutegi Publikoen Sarea abian jarri eta Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegiek Sarean lan egitea eta Sarean zerbitzua emotea erabagi ebenetik, eta balantze oso positiboa egin dabe bere arduradunek, irakurketa eta mailegu kopuruaren hazkundea upealakoa izan baita, esaterako, irakurleen kopurua bikoiztuz bost urteotan.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kudeatzen dau Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea; EAEko 172 liburutegik osotzen dabe Sarea, 217 zerbitzu-tokitan eta 224 sukurtsaletan banaturik.
Sareko arduradunek jakinarazo dabenez, 2004an, proiektua abiatu zanean, Sareko irakurleen kopurua 200.000koa zan, eta bost urte igaro eta gero, kopurua 416.000tik gora dabil, hau da, bikoiztu egin da. Bost urte honeetako datuek erakusten dabe urtez urte gorako jokerea izan dala; berabarako, 2008tik hona 38.0000 irakurle barri eskuratu dira.
Era berean, maileguen kopuruak be itzel igon dira, eta horrek erakusten dau herritarrek zerbitzua estimetan dabela, izan be, sareko lana hasi zanean 306.902 mailegu egiten ziran urtean, eta 2009an, barriz, 1.985.780 izan dira; 2008aren aldean, 2009an % 10eko gorakadea izan da: 200.000 mailegu barri.
Euskadiko Irakurketa Sare Publikoak bost urteotan egin dauen ibilbidean jasotako beste datu adierazgarri bat da erabiltzaileek gero eta gehiagotan joten dabela bide telematikora funtsetan kontsultak egiteko eta Sareko zerbitzuak erabilteko. Arlo horretan OPAC (On Line Public Access Catalog) katalogoan egindako kontsulten kopuruari erreparauta, aldea ikaragarria da: 2004an, 216.755 kontsulta egin ziran, eta 2009an, 1.247.377, hau da, % 575 gehiago.
Bestelakoei jagokenez, hau da, funtsak, liburu-bildumak, aldizkariak, CDak, mapak, planoak edo partiturak, igazko hazkundeari eutsi jako, eta 250.000 ale barri baino gehiago eskuratu dira.
Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak zerbitzu barri bat jarri dau martxan liburu hiztunak edo audioliburuak lortzeko, holan irakurketearen eskuragarritasuna eta zabalkundea hobetzeko. Lehenengo fasean, 80 liburu jarri dira herritarren eskura. Liburuok deskargau ahal izateko, beharrezkoa da Irakurketa Publikoaren Sareko partaidea izatea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!