Gitarrearen doinua da protagonista bakarra Angel Unzuren disko barrian
2010-12-15 14:41 MusikeaBakarkako hirugarren diskoa kaleratu barri dau Angel Unzu gitarra-jole eta musikagile nafarrak, Tiempo de busqueda izenekoa, sortze prozesu luze eta konplexua euki dauen lana. Jentaurreko aurkezpena gaur egin dau Bilbon.
Bakarkako hirugarren diskoa kaleratu barri dau Angel Unzu gitarra-jole eta musikagile nafarrak, Tiempo de busqueda izenekoa, sortze prozesu luze eta konplexua euki dauen lana. Jentaurreko aurkezpena gaur egin dau Bilbon.
Emoitzea entzunda, eta autorearen berbei kasu eginda, itxaronaldiak merezidu izan dauela emoten dau. Doinu eta estilo klasikoetatik abiatuta, gitarra hutsagaz jotako musikeari probetxua atara deutso Angel Unzuk oraingo honetan.
Angel Unzu ezaguna da euskal musikagintzearen munduan, Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Anje Duhalde, Kepa Junkera eta beste askoren alboan egindako lan isilagaitik. Baina bere kontura ataratako diskoak be badaukaz Unzuk eta, Tiempo de busqueda izeneko hau, hirugarrena dau dagoeneko. Bakarkako diskoetan, doinu personalagoak agiri dira.
Tiempo de busqueda diskoa egiteko prozesua luzea izan da eta, tarteka, neketsua be bai, Angel Unzuren esanak entzunda: 'Hasiera baten, hirukote batek joteko kantak idatzi nituan baina, halako baten, ideia goitik behera aldatu eta gitarra soilagaz joteko konposatzen hasi nintzan, zerotik hasita barriro'. Holan, denpora luzea egin dau disko barriko kantak preparetan, baina Angel Unzu gustura geratu da, 'orain arte, musikari ezagunentzat egin izan dot lan, eta tarte libreetan egiten izan dodaz neure diskoak, baina oraingo honetan, beste beharrak albo batera itxi eta indar guztia neure diskoan jarri dot', zehaztu dau musikariak, 'lehentasuna neure egitasmoari emon deutsat'. Bakarrik joten ditu, beraz, disko honetako pieza guztiak, gitarrea lagun, 'erosoago sentiduten naz holan', autortu dau.
Diskoetxea topetako be astia hartu dau, 'nazinoartean banatu gura dot diskoa eta horretarako diskoetxe aproposa behar da'. Gero be, Alemaniako Acoustic Records eta Madrileko Resistencia diskoetxeekaz egin dau banaketea, 'baina grabazinoak Donostiako estudio baten eginda dagoz', zehaztu dau Unzuk.
Izenburuak dinoan legez, Tiempo de busqueda diskoan, bilaketa lan sakona egin dau Angel Unzuk, 'gitarra hutsagaz jotea sarri egin da lehenago be, baina nik gauza barriak egin gura izan dodaz, musikegaz esperimentau eta estilo egokia topau'. Gitarreari probetxua atara deutsola uste dau Unzuk, gitarrearen aukera guztiak arakatuz, 'doinu eta melodia landuak bilatu dodaz, sinplekeria barik'. Hori dala eta, pieza batzuk ohi baino luzeagoak dira, zortzi minututik gorakoak.
Disko barrian, lau bonus track be sartu ditue, DVD formatuan: 'grabazinoan hartutako irudiak dira, neu agertzen naz, gitarrea joten', zehaztu dau Angel Unzuk. Oraingoz, ez dauka kontzerturik iragarrita disko barria aurkezteko, baina Euskal Herrian birea egiteko gogoa dauka. 2011n, Suitzan kontzertu bi emoteko be deitu deutsie.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!