Enrique Morente flamenko-kantaria hil egin da
2010-12-14 10:22 MusikeaAbenduaren 4an egin eutsen ebakuntza baten ondoren okerrera egin ostean, atzo hil zan Enrique Morente flamenko kantaria. Egungo flamenko musikearen ordezkari nagusienetakoa zan Morente, oso ezaguna eta estimadua euskal musikari eta musikazaleen artean. Emonaldi asko egin zituan Euskal Herrian, eta egunotan be Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen programauta zituan kontzertuak, hilaren 12, 13, 15 eta 16an.
Abenduaren 4an egin eutsen ebakuntza baten ondoren okerrera egin ostean, atzo hil zan Enrique Morente flamenko kantaria. Egungo flamenko musikearen ordezkari nagusienetakoa zan Morente, oso ezaguna eta estimadua euskal musikari eta musikazaleen artean. Emonaldi asko egin zituan Euskal Herrian, eta egunotan be Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen programauta zituan kontzertuak, hilaren 12, 13, 15 eta 16an.
Haren hil-kaperea SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearen Madrileko egoitzan jarriko dabe gaur, 15:00etatik aurrera.
Granadako Albaicin auzoan jaio zan Enrique Morente Cotelo, 1942an, eta txikitatik izan eban flamenkorako pasinoa. Madrilera joan zan gazterik, hango tablao-etan kantetako. El Granaíno ezizenez egin zan ezagun. Manolo de Huelva, Pepe de la Matrona, Manolo Caracol eta beste cantaor batzukaz lotura estua izan eban. Cante flamenco diskoa grabau eban 1967an, Felix de Utrera gitarristeagaz, eta Cantes antiguos del flamenco hurrengo urtean, Niño Ricardogaz.
Flamenkoaren tradizinoaren barritzaile nagusietakoa izan zan hurrengo urteetan, eta Espainiako poeta ezagunen lanak musikau zituan, Federico Garcia Lorca, Antonio Machado, San Juan de la Cruz, Fray Luis de Leon, Rafael Alberti eta Jorge Guillenenak, besteak beste.
Lagartija Nick taldeagaz Omega diskoa grabau eban 1997an. Federico Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York liburuko poemak musikatu eta Leonard Cohenen abestien bertsinoak egin zituan disko haretan. Flamenkoaren barrikuntzan mugarritzat eta gailurtzat joten da disko ha.
Orain dala urte bi Pablo de Málaga kaleratu eban, Pablo Picasso margolariak idatzitako testuak musikauta osotutako diskoa. Picassori eta Gernikako bonbardaketearen biktimei be eskaini eutsen lan ha.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!