Julio Sotok Bertxokoko bigarren txapela irabazi eban Azkartzako finalean
2010-11-29 13:28 BertsolaritzeaZemendian jokatutako 3 kanporaketetatik sailkatuta, Manex Agirre gai-jartzailearen gidaritzapean, Jone Uria algortarra, Julio Soto gorritiarra, Ainhoa Mujika beasaindarra, Asier Azpiroz zubietarra, Ander Solozabal gasteiztarra eta Odei Barroso urruñarra ibili ziran nor baino nor txapel baltza lortu guran.
Askartzako Trebiñu sagardotegian jokatu zan aurtengo Bertxokoko finala pasa dan barikuan. Zemendian jokatutako 3 kanporaketetatik sailkatuta, Manex Agirre gai-jartzailearen gidaritzapean, Jone Uria algortarra, Julio Soto gorritiarra, Ainhoa Mujika beasaindarra, Asier Azpiroz zubietarra, Ander Solozabal gasteiztarra eta Odei Barroso urruñarra ibili ziran nor baino nor txapel baltza lortu guran.
Bete bete egin zan sagardotegia, eta kanpoko hotzari kontra eginez, giro goxoa sortu zan. Txorizoa, makailao tortillea, makailaoa, txuleta eta gaztaia eta menbrilo goxoak afaldu ostean, kafe eta kopakaz batera hasi zan saioa.
Kanta edo doinu ezagun batean agur bikainak kantau zituen bertsolariek eta zortziko txiki eta handian be polito ibili ziran. Bakarkakoan bi punturi erantzun ostean audio banari bertso bat kantau behar izan eutsien. Audioak egungo notizia desbardinak ziran, Aita Santuaren esanak, Haitiko egoerea, Maialen Lujanbio BEC-en txapeldun bilakatu zanekoa... Ariketa honetan ale politak entzun ziran.
Amaitzeko, hamarreko txikian kartzela egon zan, eta bertan pankarta baten bidez epaitegi baten kokatu zituan Manexek bertsolariak, eta hirunaka hiru puntukoak hiruna kopla kantatuz amaitu eben lan puntuagarria.
Azken agurrak entzun ostean jakin zan epaia: Julio Soto txapeldun! Eta txapeldunaren agurragaz amaitu zan 2010eko Bertxoko sariketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!