Asier Azpiroz eta Ander Solozabalek osotuko dabe Bertxoko Sariketako finala

Bizkaie! 2010-11-19 09:35   Bertsolaritzea

Zemendiaren 26an, Trebiñoko sagardotegian jokatuko dan final handian, Ander Solozabal eta Asier Azpiroz ikusiko doguz kantuan, aurretik sailkatutako Jone Uria, Odei Barroso, Ainhoa Mugika eta Julio Sotogaz batera, txapel baltza buruan janzteko ahaleginetan.

Gasteizko eguenetako festaren barruan egin zan atzo Bertxoko sariketako hirugarren eta azken kanporaketea. Kutxi kale erdian kokatzen dan Errexala alkartean, Iñaki Aleman iruritarra, Mikel Artola alegiarra, Gillen Iribarren itsasutarra, Asier Azpiroz zubietarra, Ander Solozabal gasteiztarra eta Miren Amuriza berriztarra bertsolariek kantau eben, Beñat Goitiaren esanetara, nor baino nor, jokoan egozan finalerako azken bi txartelak lortu guran.

Alkartea jentez eta giroz bete bete egin zan afal orduan eta saioa hasteko egoala jende ugari hurreratu zan kaletik bertara saioaz gozatzera. Bakotxak bere lekua hartu ebanean doinu ezagun batean kantautako agur puntuagarrieakaz hasi zan gaua. Anderren Yanke kanpora doinutik Mirenen Heidiren doinura, doinu anitz eta xelebreak entzun ziran.

Handi eta txikiko ofizioen ondoren, eta puntu erantzunakaz fin eta azkar ibili ostean, bertsolariek objektu bati bertso bana doinu eta errima librean kantau eutsen. Hirugarren kanporaketa honetan objektuak lepoko desbardinak izan ziran, palestinoa, txakur katea, errosarioa, baberoa...

Bertsolariek lan puntuagarria hiru puntuko koplatan hirunako ofizioan amaitu eben. Eta euren azken agurrak entzun ostean jakin genduan epaia.

Holan, zemendiaren 26an, Trebiñoko sagardotegian jokatuko dan final handian, Ander Solozabal eta Asier Azpiroz ikusiko doguz kantuan, aurretik sailkatutako Jone Uria, Odei Barroso, Ainhoa Mugika eta Julio Sotogaz batera, txapel baltza buruan janzteko ahaleginetan.

Kontuak kontu, finalera joan nahi dauenak, datorren eguaztena baino lehen izena emon beharko dau, telefonoz edo e-mailez: araba.sustapena@bertsozale.com / 675707971

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu