Ume gehienek ez dabe esperientzia desatseginik izan Interneten, EU Kids Online proiektuaren azterlan baten arabera

Bizkaie! 2010-10-21 18:44

EU Kids Online proiektuaren txosten osoa, Interneteko arriskuak eta segurtasuna, aldi berean Londresen, Luxemburgen eta Göteborgen argitaratu da gaur, urriak 21, eta www.eukidsonline.net gunean dago eskuragarri.

Zortzi umetatik bat baino gehiago mindu edo aztoratu egin da lineako zenbait edukigaz, Europa osoko 23.000 gazteri egindako alkarrizketetan oinarrituta gaur argitaratu dan txostenaren arabera. Halan da be, ikertzaileek azpimarratu dabe ume gehienek ez dabela esperientzia desatseginik izan Interneten; areago, sarritan eroso sentiduten dira zenbait helduren ustez arriskutsuak diran jarduera batzuetan.

Interneten erabilereak adin txikikoei eragin leikioen arriskuen artean, azterlanak ondorengoak aitatzen ditu: lineako pornografia, mezu bidezko sexu jazarpena, kideen lineako jazarpena eta beste erabiltzaile batzuek sortu dituen eta kaltegarriak izan daitekezan edukiak. Lortutako datuen arabera, guraso asko sarritan ez dira jaubetzen beren seme-alabak zer arriskuren eraginpean jarten diran. Adibidez, lineako jazarpena sufridu daben adin txikikoei jagokenez, gurasoen erdia baino gehiago ez ziran konturatu holakorik gertatu zanik.

Egoitzea London School of Economics and Political Science (LSE) eskolan dauen eta Espainiako ordezkaritzea EHUko ikertzaileen esku itxita dauen EU Kids Online proiektuak dino, gainera, adin txikikoak gero eta gazteago hasten dirala Internet erabilten. Esaterako, Suedian eta Europako iparraldeko beste herrialde batzuetan batez besteko edadea zazpi eta zortzi urte artekoa da, eta Espainian, bederatzi urtekoa.

Azterlanerako 9 eta 16 urte arteko umeei eta eurekaz bizi dan heldu bati (amari edo aitari) egin jakezan alkarrizketak. Horreetatik ondoriozta daitekeenez, gazteenek ditue zailtasun handienak arriskutsuak izan daitekezan edukiei aurre egiteko. Esangura horretan, azterlanak Internet modu seguruan erabilteko eta eskaintzen dituan aukerez baliatzeko gastua eta aholkularitzea gazteenakan ardaztea gomendatzen dau.

Ikerketa taldeak Europako 25 herrialdetan egin zituan alkarrizketak Interneteko arriskuak eta segurtasuna izeneko txostenerako. Proiektua Europako Batzordeko Safer Internet programeak finantziau dau eta bere ondorio nagusiak egunotarako Luxemburgen antolatu dan Safer Internet Forum foroan kaleratuko dira.

Azterlanaren arabera, Txekiar Errepublikan, Estonian, Lituanian eta Suedian dabe umeek lineako arrisku maila handiena; arrisku maila hori txikiagoa da Italia, Portugal eta Turkia lako herrialdeetan. Espainiari jagokonez, lineako arrisku maila ertaina/txikia da aztertutako herrialdeetakoakaz konparauta.

Halan da be, arrisku horreek gorabehera, ikertzaileek ohartarazo dabe, Internet gero eta ume gehiagok erabilten dabenez, Sareak eskaintzen dituan aukerak eskuragarriago dagozala eta, gehienetan, adin txikikoek Interneten sufriduten dituen arriskuek ez dabela kalterik ekarten.

Proiektuaren zuzendari eta London School of Economics eskolako Psikologia Sozialeko katedradun Sonia Livingstonek esan bezela: 'Azterlanak garbi ixten dau umeak gero eta gazteago hasten dirala Internet erabilten eta orain arte baino sarriago erabilten dabela. Gaur egun, Internet ezinbestekoa da Europa osoko umeen bizimoduan eta askotan onuragarriak diran zereginetarako erabilten dabe, besteak beste, eskolako lanak egiteko, jolasteko, bideoak ikusteko edo alkarri berehalako mezuak bialtzeko. Beraz, Interneteko eduki batzuek zenbait ume mindu edo aztoratu izana kezkagarria izan arren, garrantzitsua da gogoratzea Internetek hainbat onura be badakarzala eta arriskuek ez dabela beti kaltea ekarten'.


Informazino osagarria

EU Kids Online proiektuaren txosten osoa, Interneteko arriskuak eta segurtasuna, aldi berean Londresen, Luxemburgen eta Göteborgen argitaratu da gaur, urriak 21, eta www.eukidsonline.net gunean dago eskuragarri.

Zemendian, txostenaren bertsino luzeagoa aurkeztuko da, gurasoen bitartekotzari buruzko gomendio politikoak eta datuak gehituta. Era berean, zemendian EU Kids Online proiektuaren Espainiako ordezkaria dan EHUko taldeak Espainiari jagokozan ikerketearen lehenengo emoitzen txostena aurkeztuko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu