Cristina Ayusok XIV-XVII mendeen arteko emakume getxotarren paperari buruzko ikerketea plazaratu dau

Bizkaie! 2010-09-14 10:47

Aurkeztutako ikerketa-lanak emakumeen eremu publikoa eta pribatua hartu ditu aintzat 'garai horretako emakumeak eremu pribatuan egotera behartu bazituen be, ahotsik eta botorik barik ezta gobernu kargurik izateko aukerarik barik be' azaldu dau Cristina Ayusok.

Getxoko historian emakumeek bete daben papera ezagutzera emotea izan da Getxoko Udalaren beka bati esker egindako argitalpenaren helburua. Cristina Ayuso historialariak landutako ikerketearen gaia 'Lehenengo emakume getxotarrak: Emakumeak Getxoko historian (XIV-XVII.Mendeak)' izan da.

Bekearen helburua izan da Getxoko emakumeek historian zehar edozein alorretan bete daben paperaz datu barriak argitaratzea edo datu jakinetan sakontzea, 'bizitza kultural, ekonomiko, sozial edo politikoan egin daben ekarpena berreskuratzea eta ezagutzera emote aldera, mendeetan baztertuak eta isilarazoak izan diralako' azaldu dau prentsaurrekoan Keltse Eigurenek, Bardintasun Zerbitzuko zinegotziak.

Gai desbardinetako 12 proiektu aurkeztu ziran deialdira eta azkenik 'gaur aurkezten gagozana aukeratu zan bere kalidadeagaitik eta garai horri buruzko ikerketearen nobedadeagaitik, emakumeen taldeen ikuspegi zabala proposatu dauelako, genero gaia kontuan hartuta' gehitu dau zinegotziak.

Bekearen zenbatekoa 7.000 eurokoa izan da eta Udalak euskeraz eta gazteleraz dagoan liburuaren 500 ale kaleratu ditu, ondoren liburutegietan eta alkarteetan banatzeko.


Emakumeak eremu publikoan eta pribatuan

Aurkeztutako ikerketa-lanak emakumeen eremu publikoa eta pribatua hartu ditu aintzat 'garai horretako emakumeak eremu pribatuan egotera behartu bazituen be, ahotsik eta botorik barik ezta gobernu kargurik izateko aukerarik barik be' azaldu dau Cristina Ayusok. Gainera ikerlariak gehitu dau aitatutako mendeetako historia emakume ezezagun askorenagaz osotzen dala, gizonek Armadara edo arrantza egitera alde egiten ebenean, eurak ziralako lan desbardinak (etxaldea eta familia jagotea zein lurra lantzea...) aurrera atarateaz arduratzen ziranak.

Agiri historikoek ikerketa-lana oztopatu arren, batez be gizonen ikuspegia erakusten dabelako eta emakumeena estaltzen dabelako, liburuak aztertutako garaiko emakumeen identidade guztiak be emoten ditu ezagutzera. Ikerketea sano interesgarria da marjinalidadearen mugetan ibili ziran emakumeak agirian ixteko, esate baterako, uriko emakume langileak, zerbitzariak, alargunak, gaixoak, emakume askeak, ohaideak eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu