iPhone 4 eskuko telefonoa: dana ezin da izan perfektua
2010-08-16 12:41Oraingoan bai, oraingoan Apple enpreseak zera erakutsi deusku: onenak (edo onenetarikoak) dirala, baina akatsak etxe guztietan dagozala.
Oraingoan bai, oraingoan Apple enpreseak zera erakutsi deusku: onenak (edo onenetarikoak) dirala, baina akatsak etxe guztietan dagozala.
Euren ezaugarrienetariko bat, beharbada nabariena, hauxe izan da: beti aurrerago, beste enpresa batzuk baino pausutxu bat edo bi aurrerago egon dira. Agertutako produktuek horixe bera erakusten deuskue. Plazaratutako sistemak, ideak, diseinuak... beti izan dira punta-puntakoenak eta merkadu osora zabaldu dira: ordenagailuen pantailetan ikusten dogun sistema grafikoa, sinbolotxoen bidez gauzak erabilteko modu hori, edota fixategiak gorde, sailkatu eta lantzeko hain erabilia dan artxibo-sistemea, besteak beste, Apple-en asmakizunak izan dira. Beharbada, musikea Internet-en bitartez saltzeko ideia ez zan eurena izango, baina beste inork baino indar gehiago emon deutso iTunes denda birtualari esker; zer esanik ez iPod-aren kasua, munduan hainbat ale saldu baitira; edo azken asmakizuna, iPad, horregaz danak konforme ez egon arren.
Eskuko telefonoen merkadua azken hamar urteotan hainbeste hasi eta zabaldu dan negozio itzela da. Merkadu horretan, Apple dan erregea. iPhone agertu zanetik (2007. urtean), beste guztien ganetik dago. Hurrengo urtean (2008an) beste bertsino bat plazaratu zan, iPhone 3G, igaz iPhone 3GS, eta aurten iPhone 4 barria. Eskuko telefonoa dala pentsau arren, hori baino askozaz gehiago da, Internet, argazki-kamarea, aplikazinoak... kontuan izanda, ordenagailu txiki bat dala esan geinkelako. Bai, beste telefono batzuk be badaukie Internet-era sartzeko aukerea baina Apple-ekoak arinagoak dira. Eta horrek hauxe esan gura dau: aukera hori gehiago erabilten dala. Google-en esanetan, iPhone baten bitartez egiten diran sarrerak beste edozein eskuko telefonogaz egindakoak baino 50 biderrez gehiago dira. Ganera, pantailan bertan agertzen jakuzan elementuek eta honeek alde batetik bestera mogidu, aldatu edo eurekaz jolasteko gaitasuna emoten deuskue eta hori guztiori atzamarrakaz. iPhone 3GS-ak, ganera, telefonoari ahotsez aginduak emoteko softwarea ekarren.
Orain, iPhone 4 bero-bero dago, labatik urten barri. Baina mundu guztia ez dago pozik produktu honegaz, batez be ezkertiarrak diranak, eskuz ezkertiarrak. Pentsau daigun eskoitiarra dan batek zelan hartzen dauen iPhone edo edozein eskuko telefono: ezkerreko eskuagaz hartu eta botoiak edo pantailea joteko eskumako eskua erabiliko dau. Eta ezkertiarra bada, eskoiagaz hartuko dau eta operazino bera egingo dau ezkerreko eskuaz. Hor dago arazotxoa.
iPhone 4 honek badaukaz berezitasun batzuk: kamara bi dakarz, bata argazkiak egiteko (5 megapixelekoa, zoom eta bideoak grabetako modukoa) eta bestea bideo-konferentziak egiteko. Pantailea 96x460 pixelekoa da (326 pixel pulgada bakotxeko, iPhone 3GS-ak baino erresolusino gehiago), aplikazinoen arteak iBooks dauka istalauta (liburu digitalak erosteko) eta erabilten dauzen Internet-eko bilatzaileak Google, Yahoo eta Bing (azken hori Microsoft-ena) dira. 137 gramo ditu, oso mehea da eta fina. Eta beharbada hortik dator arazoa: hain mehea izanda, komunikazinoak egiteko antenea aparatuaren inguru guztitik dago eta eskoiagaz hartu ezkero telefonotxoa, honen beheko eta ezkerreko aldean gure eskuko atzamar txikia eta alperra iminten doguz. Ondorioa: batzuetan seinalea bajua izaten da, batez be kobertura eskaseko guneetan egon ezkero, gure atzama antenearen ganean ipinten dogulako eta horrela komunikazinoa ebagi egiten dogulako. Txistea emoten dau, ezta? Baina egia da. Hain tramankulu dotorea eta prestua eta antza danez inortxo be ez zan konturatu arazoaz. Kritikak nahiko zorrotzak izan dira eta akaso Apple-ri inoiz baino min gehiago egin deusie; kritikei aurre egiteko eta, lehenengoz, Steve Jobs Apple-leko buruak prentsaurreko bat preparau eban gauzak argitzeko.
Ez zala hainbesterako eta, besteak beste, erabiltzaileek telefonoa hartzen ikasi behar ebela. Ez eban esan ezer Apple-eko injineruek arazoa konpontzeko ahaleginak egingo dituenik. Erabiltzaileek aldatu beharra euken euren jarrerea; Apple-ek, barriz, ez. Steve Jobs-en esanetan, % 1,7ak baino ez eban diruaren itzulerea eskatu eta iPhone 4 hau da Apple-ren aparaturik onerena. Sortutakoa konpontzeko, holako plastikozko funda batzuk erabili behar dira eta honeen eskaerak kudeatzeko Apple-k iPhonerako aplikazino berezia garatu dau, bertatik eskaerak egiteko (euren estilora beti).
Baina prentsaurrean beste gauza batzuk be esan ziran. Jobs jaunak zera esan eban: beste eskuko telefono batzukaz be arazo bera subertetan zala, Blackberry, HTC, Motorola, Samsung edota Nokia modeloakaz. Eta hori larregi izan da konpetentziako enpresentzat. Hortik sortu da Motorolaren iragarkia, euren modeloek ez dabela 'jakarik' behar esaten da (Apple-ren fundak 'telefonoaren jakak' modukoak dira). Beste iragarki batzutan zera esaten da: euren telefonoak erailteko nahi dogun moduan hartu geinkezala (eta ez Steve Jobs-ek erabiltzaileei 'erakutsi' eutsen moduan).
Onak bai, baina perfektuak ez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!