EAEko 100 koba aztertu eta 4.000 hatx-zulotik gora katalogau ditue Jaurlaritzeak eta Euskal Espeleologoen Alkarteak

Bizkaie! 2010-07-09 10:58

EAEko 4.000 hatx-zulotik gora katalogau ditue eta bi erakundeek SMS bidezko alarma-sistema bat sortu dabe, lurpeko barrunbeetan egiten diran espedizinoetan atzerapenak edo bestelako jazoerak atzemoteko.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Euskal Espeleologoen Alkargoak EAEko 100 koba aztertu ditue aurten, larrialdi egoeren aurrean erreskate lana errazteko. Gainera, ekimen horren barruan EAEko 4.000 hatx-zulotik gora katalogau ditue eta bi erakundeek SMS bidezko alarma-sistema bat sortu dabe, lurpeko barrunbeetan egiten diran espedizinoetan atzerapenak edo bestelako jazoerak atzemoteko.

Lanaren helburu nagusia inguru horreetan larrialdiren bat izan ezkero lehen momenturik zelan jokatu behar dan jakiteko informazinoa eskura izatea da. Landa-lana Euskal Espeleologoen Alkargoko Espeleologia taldeek egin dabe, Herrizaingo Saileko teknikariakaz lankidetzan.

Lehen fasea 2008an egin eben eta 37 leize aztertu zituen; bigarren fasea 2009an egin eben eta beste 37 koba aztertu zituen; azken fasean, 26 kobazulo aztertu ditue.

Lan honi esker, errazagoa izango da istripurik izan ezkero larrialdia kudeatzea eta lehen erabagiak hartzea, eta beharko diran giza baliabideak eta baliabide materialak aurreikustea. Gainera, koba bakotxak dituan zailtasunak (zauritu bat ohatila batean atarateko, esaterako) aurretiaz jakin ahal izango dira.

Komunikazinoa lurretik bideratzeko tokiak eta Kontrol Postua jarteko tokia be zehaztuta egongo dira. Espeleolaguntzarako informazino hori guztia oso baliogarria da, bai erreskate-taldeetako kideentzat bai espeleologoentzat eurentzat be leize batera sartu aurretik.

Fitxa bakotxak hiru zati ditu. Lehenengoan kobazuloaren deskribapen zabal bat egiten da; sarbideak eta leizea deskribiduten dira eta prebentzino neurriak zehazten. Bigarrena laguntzinoa antolatzeko eta logistikea zehazteko atal berezia da eta balizko zailtasun guztiak jasoten dira bertan. Azkenak material topografikoa eta bestelako eduki grafiko batzuk batzen ditu.

Ikertu diran leizeak aukeratzeko, besteak beste, honako erispideak izan dira kontuan: larrialdiei aurre egiteko zailtasun maila, jasoten dauen bisiten kopurua eta espeleologoen, mendizaleen eta herritarren artean dauen harrerea. Espeleologia istripuren bat izateko dauen arrisku maila be izan dabe kontuan.

Lan hau oso kalidade handikotzat jo dabe espeleologiaren munduan, eta hobekuntza nabarmena ekarri deutse Euskadin espeleologia ezbehar bati aurre egin behar deutsen guztiei. Herrizaingo Sailak euskarri desbardinetan zabaldu nahi dau, gainera, larrialdietako langileek eta espeleologiaren zaleek ez eze ganerako herritarrek be eskuragarri izan daien.

Lana EAEn erregistrauta dagozan 4.326 kobazuloen katalogo bategaz osotu dabe, erreminta informatiko baten bidez kudeatuko dabena. Larrialdi zerbitzuentzat be oso baliogarria izango da informazino hori.


Alarma-sistemea

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren eta Euskal Espeleologoen Alkargoaren arteko lankidetzeak alarma-sistema barritzaile bat sortzea eta martxan jartea ekarri dau, espeleologia espedizinoetan izan daitekezan atzerapenak eta jazoerak atzemoteko.

Alarma-sistema erraza da eta telefonia mugikorreko mezu laburren erabileran oinarrituta dago; sakeleko telefono, PDA edota ordenagailu baten bidez bialdu daitekezan SMS mezuen erabileran, hain zuzen. Hatx-zulo batean sartu aurretik, espedizinoko kideek espedizinoaren datuak erregistrauko ditue, bertatik urtetako ordua eta eguna besteak beste. Dana planifikautako moduan bado, lurpetik urtekeran espeleologoek SMS baten bidez baieztatuko dabe kanpoan dagozala. Erantzunik izan ezean, sistemeak taldearen arduradunak ohartarazoko ditu lehenengo (aurretik zehaztuta egongo dira) eta SOS Deiak zerbitzua gero, behar izatekotan beharrezko baliabide guztiak bideratzeko.

Alerta-sistemeak laguntza goiztiarra eskaintzen dau kobazulo batean sartutakoan istripu edo bestelako jazoera larririk izatekotan horri aurre egiteko. Herrizaingo Sailak bere gain hartu ditu hatx-zuloak aztertzeko eta alarma-prozedurea abian jarteko gastuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu