Getxoko 34. Nazinoarteko Jazzaldiak 12.000 lagun batu ditu

Bizkaie! 2010-07-06 14:21   Musikea

Musikaz beteriko bost egunen ondoren, Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiak atzo amaitu eban bere 34. ekitaldia. Garagarrilaren 1etik 5era 12.000 bat lagunek gozau dabe hainbat kontzertuz, 'jam session'-ez eta ekitaldiz. Aurten be, kalidadea eta aniztasuna izan dira jaialdiaren ardatz nagusiak. Gainera, talde gazteen aldeko apustuari eutsi deutso Getxo Jazzak.

Musikaz beteriko bost egunen ondoren, Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiak atzo amaitu eban bere 34. ekitaldia. Garagarrilaren 1etik 5era 12.000 bat lagunek gozau dabe hainbat kontzertuz, 'jam session'-ez eta ekitaldiz. Aurten be, kalidadea eta aniztasuna izan dira jaialdiaren ardatz nagusiak. Gainera, talde gazteen aldeko apustuari eutsi deutso Getxo Jazzak, eta holan, musikari ospetsuak ez eze, Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa saileko banda gazteak be jardun dira Getxon.

Antolatzaileek adierazo dabenez, aurten era askotako taldeak eta estiloak izan dira kontzertu nagusietan. Publikoak 'erantzun bikaina' emon deutso jaialdiaren musika eskaintzari eta kontzertu bikainez gozau dau.

Lehenengo bi egunetako kontzertuek gustora itxi eben publikoa bi musika eskaintza originalen eta oso desbardinen eskutik: batetik, Charles Lloyd eskarmentu handiko saxo-jotzailearen laukotea eta, bestetik, Jerry Gonzalez eta Fort Apache Band.

Bide erdia bete eban jazzaldiak nazinoarteko jazzaren tronpetista ospetsuenetariko baten kontzertuaren eskutik: Dave Douglas, hain zuzen be. Domekan, Dee Dee Bridgewater abeslariak Biotz Alai plazea ia-ia bete eban eta gitxigaitik ez ziran sarrerak agortu. Saioan azken diskoaren zenbait kantu eskaini zituan, Billie Holiday abeslariaren omenez moldatuta. Azkenik, David Sanborn saxo-jotzaile iparamarikarraren hirukotearen saioagaz amaitu zan jazzaldia bart.

Bestalde, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dabe aurten be Getxon, eta Talde Lehiaketea izan da horren erakusle. Aurtengo ekitaldian, Finlandiako, Italiako, Galiziako eta Poloniako bandak heldu dira finalera. Maila handia erakutsi ondoren, Wierba & Schmidt Quintet talde poloniarra nagusitu da lehiaketan. Azken urteotan, boskotea bere herriko jazz-eszenan nabarmendu da, nahiz eta bere kideak oso gazteak izan. Bestalde, Galiziako GDJazz Quartetek bigarren saria irabazi eban. Azkenik, lehiaketea irabazi dauen taldeko tronpetisteak, Piotr Schmidt-ek, bakarlaririk onenari emoten jakon saria be irabazi dau.

Hirugarren Milurtekoa sailean be eskaintza anitza izan da aurten. Bost egunetan zehar, Algortako Geltokia plazak beste horrenbeste kontzertu hartu ditu. Horreetan jatorri anitzeko taldeek jo dabe. Batetik, Old Bilbao Tradicional Jazz Band, Leioa Big Band eta Mikel Bikandi Quartet taldeek Euskadin eginiko jazza erakutsi eben; bestetik, Mit4Spiel5-k eta Gianni Gagliardi Triok beste herrietako doinuak jo zituen.

Ohikoa dan legez, kontzertu nagusiak amaitu eta gero, 'jam session' saioak izan dira Algortako The Piper's Irish Puben. Bertan, zenbait talde jardun dira, jazzaldian parte hartu daben hainbat musikarik lagunduta, musika inprobisatua eskaintzen.

Era berean, kaleetan be egon da jazza Broken Brothers Brass Band taldeari esker. Marchin' band horrek hainbat desfile egin ditu bost egunetan zehar eta Getxoko eta Bilboko kaleak alaitu ditu dixie erritmoez. Azkenik, Satistegi kafean Fernando Barcena argazkilariaren erakusketea egon da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu