EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadean egindako doktoretza-tesi batek Glenn Brown 2010 saria jaso dau

Bizkaie! 2010-06-25 10:41

Ibon Alonso Villanuevak 2004ko iraila eta 2008ko zemendia bitartean egin eban tesia, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Kristal Likidoen Taldean, Cesar L. Folcia eta Josu Ortega irakasleek ikuskatuta. Lanaren ondoren, 11 argitalpen egin dira nazinoarteko hainbat aldizkari ospetsutan.

Ibon Alonso Villanuevak Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Materia Kondentsatuaren Fisika Sailean egindako 'Nonlinear optical and structural properties of new bent-core liquid crystal materials' izeneko doktoretza-tesiak Glenn Brown 2010 saria jaso dau.

EHUko iturriek jakinarazo dabenez, Glenn H. Brown saria Kristal Likidoen Nazinoarteko Alkarteak banatzen deutse bi urtez behin, 1986tik, mundu osoan kristal likidoen gai orokorrari buruz egiten diran doktoretza-tesi onenei, material horreen fisikeari nahiz biofisikeari, kimikeari edo aplikazinoei lotuta. Bere garaian saria jaso ebenetako asko egun nazinoartean ikertzaile ezagunak dira.

Ibon Alonso Villanuevari saria emon deutson epaimahaiak hiru alderdi nabarmendu ditu: kristal likidozko material barriak lortzeko eta karakterizetako egindako ahalegina, optika ez-linealeko aplikazinoetarako eta egun datuak batzeko teknologietan, besteak beste, CD eta DVDetan, erabilten dan fotolerrokaduretarako; material horreen azterketa estrukturalerako ordezko metodoen garapena, X izpien difrakzino teknikak erabilita; eta 'fase ilun' deiturikoen arloan egindako ekarpenak.

Tesian, Ibon Alonsok hainbat kristal likido aztertu zituan, oinarrizko zientziarako daben interesa eta aplikazino teknologiko posibleak aintzat hartuta. Lana egiterakoan teknika elektrooptikoak erabili zituan, optika ez-linealekoak eta X izpien difrakzinokoak, eta azterketa estrukturaleko metodo barriak proposatu zituan, ondoren hainbat ikertzailek erabili dituenak.

Ibon Alonsoren lanak kristal likidozko materialen erantzun ez-lineala handitzeko estrategia finkatzeko aukerea emon dau. Horri esker, adibidez, argi modulagailu ultralasterrak produzidu ahal izango litzatekez, telekomunikazinoen arloan erabilgarriak diranak. Bestalde, erabat barritzaileak eta aurrez ezezagunak ziran zenbait egituraren antolaketa molekularrak argitzea lortu dau.

Kristal likido esamoldea solido eta likido arteko materiaren bitarteko egoerea da. Solido kristalinoak zorrotz ordenautako sistemak dira. Hau ikusteko, emon daigun kristal bat eregiten dala, 'motibo' jakin bat jarrita (atomo edo molekula multzoa), orientazino berberagaz hiru dimentsinoko sare baten puntuetako bakotxean.

Bestalde, likido baten osogai mikroskopikoak erabat desordenauta dagoz, bai posizinoari eta bai orientazinoari dagokionez, eta, holan, fluidoen ingurunearen bereizgarri dan isotropia gertatzen da. Beraz, kristal likidoa fluido bat da, ohiko likido batek ez bezela, zeozelako ordena dauena.

Hori pasetan da, batzuetan, forma luzanga (gitxi gorabehera pospoloak kutxa batean paraleloan antolatzen diranean bezela) edo disko formea daben molekula organikoez osotutako sistemetan. Molekula horreek, alkarri eragitean, izaera anisotropo nabarmeneko eta ezaugarri bereziko likidoak sortzen ditue, likido oso interesgarriak, bai oinarrizko ikerketearen ikuspegitik bai horreek dituen aplikazinoen ikuspegitik.

Argi eta garbi diziplina anitzeko esparrua da, kimika organikoa (material barrien sintesiari jagokonez), fisikearen hainbat alor (materia 'bigunaren' fisika, fluidoen fisika, optika, erreologia eta abar) eta materialen injinerutzea (aplikazino posibleei jagokenez) hartzen dituana. Nabarmentzekoa da, azkenik, kristal likidoek aplikazino teknologiko oso garrantzitsuak dituela, besteak beste, egun hainbeste erabilten diran pantailak (LCD).

Ibon Alonso Villanuevak 2004ko iraila eta 2008ko zemendia bitartean egin eban tesia, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Kristal Likidoen Taldean, Cesar L. Folcia eta Josu Ortega irakasleek ikuskatuta. Lanaren ondoren, 11 argitalpen egin dira nazinoarteko hainbat aldizkari ospetsutan. Ibon Alonsok garagarrilean jasoko dau saria, Krakovian (Polonia), Kristal Likidoen Nazinoarteko 23. Biltzarrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu