Zientzia eta teknologiako gaiek ez dabe aparteko garrantzirik eta lehentasunik telebistako albistegietan

Bizkaie! 2010-06-23 11:08

Elhuyar Fundazinoak, Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza Sailaren babesagaz, zientzia eta teknologia gaiak telebistako albistegietan zelan emoten diran aztertu dau, sei hilebetez. ETB1, ETB2, TVE eta La2 kateek emoten dituen gaueko albistegiak izan ditu aztergai Elhuyarrek.

Elhuyar Fundazinoak egindako ikerketa baten arabera, 'zientzia eta teknologiako gaiek ez dabe aparteko garrantzirik eta lehentasunik telebistako albistegietan'. Hori da 'Zientzia eta teknologia hizpide: telebistako albistegiak' ikerketaren ondorio nagusia, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztua. Itziar Nogeras Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusiak, Andoni Eizagirre azterketearen egileak eta Fernando Cossío Ikerbasqueko lehendakariak hartu dabe parte aurkezpenean. Elhuyar Fundazinoak, Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza Sailaren babesagaz, zientzia eta teknologia gaiak telebistako albistegietan zelan emoten diran aztertu dau, sei hilebetez. ETB1, ETB2, TVE eta La2 kateek emoten dituen gaueko albistegiak izan ditu aztergai Elhuyarrek. Zientzia eta teknologiaren aitagai izan dituen 69 albistegi aztertu ditu, zoriz aukeratutako egunetan emonak danak be. Telebistako albistegietan zientziak eta teknologiak daben tratamendua aztertzea izan dau helburu ikerketeak.

Zenbait aldagai hartu ditu aintzat azterketak, eta honeek dira ondorio nagusiak: albistearen adierazgarritasun-mailari jagokonez, agerpena eta kokapena, albistearen iraupena, eta soinuari eta irudiari emondako garrantzia aztertu dira. Ondorio nagusia da albistegietan ez dabela aparteko ez garrantzirik ez lehentasunik, eta bestelako gaiak hobesten dirala. Albisteen % 4 bakarrik agertu dira goiburuan, eta sarrerako titularretan, danetara, % 25. Aztertutako albisteetatik, % 58 iraupen luzekoak dira; % 16, iraupen ertainekoak, eta % 26, laburrak. Gaiari jagokonez, lau multzotan banatu dira albisteak: 'Zientzia eta teknologia', 'Zientziaren eraginak', 'Zientzia-politikak' eta 'Zientzia-sistema'. 'Zientziaren eraginak' multzoko albisteak izan dira ugarienak (% 58), zientziak eta teknologiak gizartean daben eraginari buruzkoak, hain zuzen.

Albisteen jatorriari jagokonez, beste iturri batzuetatik jasoak izaten dira gehienetan: telebista-kateek ez dabe zientzia eta teknologiari buruzko albisteak jorratzeko ohiturarik. Generoari erreparauta, barriz, urriak dira erreportajeak edota kronikak, aurrez grabatuak izaten dira barriak, eta estilorik ohikoena informatiboa da. Pertsonaien inguruko analisian, jazoereari buruzko hainbat ikuspegi batzen dituen albisteak urriak izaten dira, baina autoridadearen jatorria —oro har— aniztuna da, eta haren posizinoa bat etorten da albistearen trataereagaz. Azkenik, telebista-katearen arabera, bertako jazoerei arreta desbardindua ipinten jakela ondorioztatu da: ETB1 eta ETB2 dira euskal lurraldeari arreta ipinten deutsenak. Telebista-kate horreetan, jatorria Euskal Herrian daben albisteak nagusitzen dira.

Elhuyar Fundazinoak 2004. urtean ekin eutson prentsan agertzen diran zientzia eta teknologiako gaiak aztertzeari, betibe Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzinoagaz. Orain arte, Euskal Herriko egunkariek zientzia eta teknologiako gaiak zelan emoten dituen aztertu izan dau Elhuyarrek; orain aurkeztu dan azterketan, barriz, telebistako albistegiak izan ditu berbagai. Azterketa hau Elhuyar Fundazinoak sortutako Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategian izeneko proiektuan sartzen da. Gizartean zientzia eta teknologiari buruzko hausnarketa eragitea dau helburu proiektuak. Horretarako, informazinoa jaso eta zabaldu ez eze, harremanak sustatzen ditu ikerketa-sarearen, administrazinoaren, hezkuntzearen eta gizartearen artean, eta eragile horreen guztien eretxia eskuratzen ahalegintzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu