Euskal Encounter informatika-topaketea garagarrilaren 22tik 25ra bitartean izango da BECen

Bizkaie! 2010-06-17 12:28

Bertan 20 Gb/s-ko konekzino-abiaduraz gozetako aukerea izango dabe partaideek. Aurten, ganera, interes berezia izango dau Euskal Encounter topaketeak, hurreratu gura dauenarentzat hainbat ekitaldi izango baitira, berbarako berbaldiak eta Informatika Azokea.

Hamazortzigarren Euskal Encounter infomatika topaketeak milaka ordenagailu eta informatika zale batuko ditu garagarrilaren 22, 23, 24 eta 25ean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre erakustazokan. Bertan 20 Gb/s-ko konekzino-abiaduraz gozetako aukerea izango dabe partaideek. Aurten, ganera, interes berezia izango dau Euskal Encounter topaketeak, hurreratu gura dauenarentzat hainbat ekitaldi izango baitira, berbarako berbaldiak eta Informatika Azokea.

Euskaltel Fundazinoak antolatuta eta Eusko Jaurlaritzeak, SPRIk, Bizkaiko Foru Aldundiak, Kutxak, Euskaltelek eta Pro Curve Networking-ek lagundutako Euskal Encounter 'adin-nagusitasunera' ailegauko da aurten.

Teknologiak izandako aurrerapenaren adierazgarriena da topaketea garagarrilaren 22an hasiko dala. Danetara, 4.096 ordenagailu aldi berean konektauko dira egun horretan, sare-kableko 120 kilometro, kable elektrikoko 60 eta zuntz optikoko hamar kilometrori esker. Holan, 15 herrialdetako 6.000 parte-hartzailek behar daben guztia izango dabe lau egunetan teknologia aurreratuenaz gozetako.


Hiru zonalde

Ekitaldirako egokituko diran 35.000 metro koadroak hainbat jarduera batuko dituen hiru zonaldetan banatuko dira. Eremu zentrala Euskal Party-ari eskainiko jako, eta bertan instalauko dira ordenagailuak. Jaiko partaideek eskura izango ditue arte digitaleko, hardwareko, softwareko eta 'FIFA 2010: Copa del Mundo', 'Mario Kart Wii' edo 'Sing Star' jokoen 14 lehiaketa baino gehiago, besteak beste.

Era berean, gune horretan 40 ekintza paralelo baino gehiago egingo dira, berbarako, argazkilaritza eta bikoizketa txapelketak eta partaideen rock gitarrista doeak neurtzen dituen 'Air Guitar' joko ezaguna. Bestalde, BECen egongo dan Blizzard marka lako etxeen azken joko eta teknologiak aurkezteko plataformea be izango da Euskal Party-a.

Bigarren gunean, 'Gamegune' dalakoan, Bideojokoen Nazinoarteko Txapelketa Profesionala jokatuko da. Zortzigarren edizinoa da aurten eta mundu mailako norgehiagoka famatuenen artean ezartzea lortu dau. Interneteko hornitzaileek, hardware-fabrikatzaileek, teknologia-integratzaileek eta enpresariek ekipoak eta torneoak babesten ditue eta e-sports deituriko bideojoko lehiaketa horreen hazkundea bultzatzen dabe mundu osoan.

Hirugarren zonaldea da aurtengo barrikuntzea eta, bertan, party-ko parte-hartzaileei zein publiko orokorrari edegitako Informatika Azokea jarriko da. Eremu horretan, informatikearen sektoreko enpresa askoren produktuak aurkeztuko dira eta, horrezaz ganera, berbaldiak eta egungo gaien inguruko erakusketak eta tailerrak eskainiko dira, teknologia interesa daben guztiei hurreratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu