Luis de Pablo musikagile bilbotarra omenduko dau SGAEk
2010-05-12 14:13 MusikeaLuis de Pablo 1930ean jaio zan Bilbon, eta musikearen abangoardiako musikagile nabarmenetakoa da. 1951ko belaunaldiko kidea da, eta Europan XX. mendearen erdialdeko egoerea barritu eben korronteak ekarri nahi izan zituan Espainiako musika-mundura.
Luis de Pablo musikagile bilbotarrak 80 urte bete barri dituanez, SGAEk, Autore Fundazioak eta Musikaren Espainiako Auditorio Nazionalak bere lanen monografikoa antolatu dabe, omenaldia eskaintzeko. Maiatzaren 20an eta 21ean egingo da, Auditorio Nazionalean, Madrilen. Antolatutako ekitaldietarako sarrerea dobakoa izango da jesarleku guztiak bete arte. Dana dala, sarrerak auditorioko leihatiletan hartu beharko dira lehenago, astelehenetan, 16:00etatik 18:00etara, martitzenetik barikura, 10:00etatik 17:00etara, eta zapatuetan, 11:00etatik 13:00era.
SGAEko iturriek jakinarazo dabenez, maiatzaren 20an, 19:30etan, kontzertua izango da Areto Sinfonikoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz, Asier Polo biolontxelo-jotzailearen, Cecile Daroux flauta-jotzailearen eta Jose Ramon Encinar zuzendariaren partaidetzeagaz.
Maiatzaren 21ean, 11:00etan, Luis de Pablo berak maisu-klasea emongo dau auditorioko areto nagusian, 'Frondoso misterio Passio' izenburupean.
Era berean, maiatzaren 21ean, baina 19:30etan, De Pablosek musika-tresnen soloetarako sortu dituan konposizinoen aukeraketea eskainiko da Ganbera aretoan 'De Pablorentzako soloak' izenburupean. Protagonistak Manuel Guillen biolinistea, Vicente Martinez Lopez flauta-jotzailea, Manuel Escalante pianistea, Gabriel Estarellas gitarristea, Jose Luis Estelles klarinete-jotzailea eta Miguel Bernat marinba-jotzailea izango dira.
80 urte
Luis de Pablo 1930ean jaio zan Bilbon, eta musikearen abangoardiako musikagile nabarmenetakoa da. 1951ko belaunaldiko kidea da, eta Europan XX. mendearen erdialdeko egoerea barritu eben korronteak ekarri nahi izan zituan Espainiako musika-mundura. Bere lan-ibilbide luzean, hainbat sari jaso ditu, eta 2009ko IX. Tomas Luis de Victoria SGAE Saria izan da azkena.
Umetan, musika-ikasketak hasi zan egiten Hondarribian (Gipuzkoa). Ondoren, Madrilen jarraitu eban ikasten, eta geroago, Parisen ikasi eban Schoenbergen ikaslea izandako Max Deutschegaz. 1958an, Nueva Música taldea sortu eban Ramon Barce hil barriagaz, eta 1961ean, Tiempo y Música. Izan be, musika bizi eta barritzaileena zabaltzeko esparrua bilatu nahi eban, eta bere musikea zein bere garaikideena emon nahi eban jakitera.
1965ean, Alea taldea sortu eban. Tiempo y Música taldearen kontzertu-jarduerea ordezkatu eta handitu egin eban eta, holan, herrialdeko musika elektroakustikoko lehen laborategia sortu zan.
Luis de Pabloren jarrera landua, analitikoa eta kritikoa danez, jardun bizi-bizia garatu dau zenbait unibersidadetan, hizlari eta irakasle moduan: Buffalo (AEB), Ottawa (Kanada) eta Montreal (Kanada). Bere idatziek eta liburuek ekarpenak egin ditue musikearen teorian; esate baterako, 'Aproximación a una estética de la música contemporánea' (1968).
Era berean, ondoko herrialdeetan emon ditu ikastaroak: Frantzia, Italia, Belgika, AEB, Japonia, Argentina eta Mexikon. Madrilgo Unibersidade Konplutentseko Honoris Causa doktore izentau eben, eta Madril, Granada zein Belgikako arte ederretako akademietako kidea da, bai eta Frantziako Officier des Arts et des Léttres-ekoa be.
Luis de Pablok genero guztietako 130etik gora lan sortu ditu, besteak beste, 'Imaginario II' (1967); 'Éléphants ivres seriea' (1972-1973); 'Zurezko olerkia' (1975); 'Tarde de poetas' (1985-86); 'El viajero indiscreto' (1988); 'La madre invita a comer' (1992); 'La señorita Cristina' (2000); 'Un parque' (2006) eta, oraintsuago, 'Martinus' kantata (2008).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!