Copyright: 300 urteko kontua
2010-05-06 11:14Edozein lanek dauka 'Copyright' ikurra. Zer adierazoten dau ikur horrek? Artelana, pelikulea, musikea, liburua edo beste edozein lan egilearen eskubideen legearen menpean dagoala. Datozan lerroetan, ikur horren jatorria kontauko dogu.
Edozein lanek dauka 'Copyright' ikurra. Zer adierazoten dau ikur horrek? Artelana, pelikulea, musikea, liburua edo beste edozein lan egilearen eskubideen legearen menpean dagoala. Datozan lerroetan, ikur horren jatorria kontauko dogu.
Hasi gaitezan liburuakaz. Lehen, liburuak eskuz eginda egozan eta kopia bat egiteko ikaragarrizko lana egin behar zan: letrarik letra egin behar zan kopiaketea eta ale barriak oso karu urteten eban, lan handia eta denpora luzea behar zalako. Horregaitik, liburuak ez ziran edonoren esku egoten, gauza bi behar ziran horretarako: irakurten jakitea eta diru piloa izatea. Errege, aitor-seme, eleiz-gizon edota aberatsen esku baino ezin eitekezan egon.
1440. urtearen inguruan, gauzak asko aldatu ziran: Johannes Gutemberg-ek lehenengo inprenta modernoa asmau eban. Handik aurrera, aldaketa itzela subertau zan gizakiaren bizimoduan: inprenteak, liburuen bitartez, ideiak zabaltzeko aukerea emoten eban.
Baina asmakizun ha 'arriskutsua' zan ezarrita egoan hierakiarentzat: ideiak betidanik izan dira arriskutsuak, batez be kontrolpean ez badagoz. Hori dala eta, estadu guztiek inprentak euren kontrolpean imini zituen eta zein liburu inprimidu eta zein ez erabagiten eben. Horregaz batera, liburua zein inprentatan inprimidu behar zan agintzen eben.
Inglaterran, 1662ko lege baten ondorioz, inprimagileek liburuen monopolioa eukien, estaduari plazaratuten ziran liburuak kontrolpean eukiteko laguntzinoa emoteko bide bat legez. Lege hori 1695era arte egon zan indarrean eta, handik aurrera, konpetentzia gogortzen hasi eta eskoziar inprimagileak gero eta liburu gehiago ataraten hasi ziran arte.
Egoera hori arautzeko eta bertako inprimagileen presinoei esker, 1710ean Inglaterran 'copyright' (kopiak egiteko eskubidea) arautzen eban lehenengo legea agertu zan. Bere sasoian, 'Ana-ren Estatutoa' deitu jakon, Ana Lehena Erreginaren agindupen egin zalako, eta ingelesezko izen laburra 'Copyright Act 1709 8 Anne C.19' izan eban. Lege horretan zera esaten zan: inprentek liburu baten kopiak egiteko 14 urteko epea euken, eta posiblea zan epe hori beste 14 urtez luzatzea egilea bizirik egon ezkero. Hau da, gehienez, 28 urteko epea euken inprentek liburu baten kopiak egiteko. Lege hori argitaru aurreko liburuek, hau da, 1710 baino lehenago plazaratutakoek 21 urteko epea euken (1731ra arte).
Ikusten dogunez, 'copyright' dalakoa inprimagileei jagoken eskubidea zan: inprimagileak pozik egozan, baina lehenengo epea ailegau zanean, gauzak aldatzen hasi ziran. 1735 eta 1737 urteetan, Inglaterrako Parlamentua presionetan hasi ziran, monopolio antzeko bat ezartzeko asmoz: epeak behin eta barriro errepetiduteko aukerea izanda, betirako monopolioa lortuko eben. Lor-en Kamereak ezezkoa emon eutsen eta epaitegira joan behar izan eben.
Inprimagile eskoziar batek liburuak inprimiduten jarraitu eban, Anaren Estatutuko legeria kontuan izanda: copyrigth-eko mugea amaituta euken liburuak inprimiduten zituan. Zer esanik ez, inprimagile ingelesak hasarre egozan, 'piratatzat' hartzen ebelako.
Egoera horretan, Londoneko inprimagileek aurre egiteko amesa agertu eben eta 'Millar versus Taylor' kasua epaitu zan. Millar horrek Anaren Estatutoaren menpean, liburu bat argitaratu eban 21 urtez. Epea amaitu zanean, Robert Taylor-ek liburu hori inprimiduteari ekin eutson eta Millar jaunak salatu egin eban, berak baino ez eukalakoan liburua inprimiduteko eskubidea. Eta epaileak arrazoia emon eutson Millar-i. Holan, monopolioa barriro geratu zan inprimagileen esku.
Auzi horretan oinarrituta, inprimagileak eskoziarraren kontra be joan ziran, baina horrek Lor-en Kameraren laguntzinoa eskatu eban. Horren harian, 1774ean honakoa erabagi eben: copyrigth-aren menpean egoan liburua, epeak amaitu ondoren, publikoaren esku geratzen zan (hau da, inprimagileen monopolioaren eskuetatik libre).
Estadu Batuetako legedian Inglaterrako legedia hartu zan oinarritzat. 1790ean, bertako Kongresuak 'Copyrigth Act' izenekoa onartu eban, gehienez 28 urteko mugea jarriz mapak, liburuak eta nabigazino mapak babestuz (14 urte hasikeran gehi beste 14 urte luzapen moduan, Inglaterran legez). 1831an, Kongresuak hasierako epea 28 urtera pasau eban (danetara, 42 urte) eta 1909an, luzapen-epea beste 28 urtera pasau zan (danetara, 56 urte). Eta 1950eko hamarkadatik aurrera, gehiago luzatu ziran epe horreek.
Egun, herrialde gehienetan artelanak babesten dituen 'Copyrigth Legea' 50-70 urtekoak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!