Bidebarrieta Kulturguneak krisiaren inguruko gogoeteari eta eztabaideari buruzko lau berbaldiz osotutako zikloa antolatu dau

Bizkaie! 2010-04-12 15:52

Berbaldi zikloa 'Krisiaren hizkuntzak' izenburupean dator eta bere helburua, gaur egun bizi dogun mundu mailako atzerapen garaiak dituan eraginei buruzko eztabaida eta gogoeta piztea izango da, ikuspuntu batetik baino gehiagotik. Maiatzaren 10era arte, hainbat adituk, krisiak ekonomian, justizian, politikan eta kulturan, izan dituan ondorioak aztertuko ditue.

Bidebarrieta Kulturguneak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako lau berbaldietako lehenengoa jasoko dau datorren astelehenean, apirilaren 19an. Berbaldi zikloa 'Krisiaren hizkuntzak' izenburupean dator eta bere helburua, gaur egun bizi dogun mundu mailako atzerapen garaiak dituan eraginei buruzko eztabaida eta gogoeta piztea izango da, ikuspuntu batetik baino gehiagotik. Maiatzaren 10era arte, hainbat adituk, krisiak ekonomian, justizian, politikan eta kulturan, izan dituan ondorioak aztertuko ditue, beti be ikuspuntu dibulgatibotik, jente guztiak ulertzeko moduan.

Ekimenak, pentsamendurako, gogoetarako, ikasketarako eta gozamenerako gune barria proposatzen deusku. Hitzordua, honako galderen inguruan jakinmina daben, ikasi nahi daben edo eztabaidatu nahi daben herritar guztiei dago zuzenduta: Krisi bat baino gehiago al dago? Zertaz ari gara krisiaz berba egiten dogunean? edo, Zeozertarako balio izango al dau? Berbaldiak bata bestearen osteko lau astelehenetan eskainiko dira (maiatzaren 10era arte), arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta eszenatokia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoa izango da.

Egitarauari hasiera emoteko Vicente Verdú etorriko jaku, datorren astelehenean, apirilaren 19an. 'Capitalismo funeral: crisis y economía' izenburuko berbaldian, entsegugile eta kazetariak ahalegina egingo dau, ekonomia eta haren krisiak eremu zabalean aztertzeko, etenbarik eraldatzen ari dan mundu globalizatuaren dinamika konplexuak kontuan izanik.

Vicente Verdúk 'El Capitalismo funeral' liburua idatzi dau eta Gizarte Zientzietako doktore da Pariseko Unibersidadetik. El País egunkariko Eretxi eta Kultura sailetako Buru izan da, eta gaur egun ere zutabe bat idazten du egunkari horretan. Horren aurretik Cuadernos para el diálogo argitalpenean idatzi eban. Bere lan ibilbidean hainbat sari jaso ditu, kazetaritzako González-Ruano Saria eta Kazetaritzako Miguel Delibes Sari Nazionala. Harvardeko Unibersidadeko Nieman Foundation for Journalism izenekoaren kide da.

Apirilaren 26an, Epaitegi Goreneko Perfecto Andrés Ibáñez Magistratua izango dogu geugaz, eta 'Crisis y Justicia' izeneko hitzaldia eskainiko deusku. Bertan justiziaren azterketea egingo dau, interes gatazken, konbikzinoen edo/eta borondateen arteko arbitro lana egin behar dauen erakunde eta krisiaren fenomenoaren alde guztiak ikusteko leku egoki moduan.

Berbaldi emoile eta irakasle izan da Espainiako eta Hego-Amerikako hainbat doktoretza eta bestelako ikastarotan. Argitaratu dituan lanen artean honako honeek azpimarra daitekez: 'El poder judicial' (Claudio Movillarekin, 1986), 'Justicia-conflicto' (1988), 'Corrupción y estado de derecho: el papel de la jurisdicción' (Editor, 1996), 'Detención y prisión provisional' (Zuzendari gisa, 1996), 'Crisis del sistema político, criminalización de la vida pública e independencia judicial' (Zuzendari gisa, 1998).


Politikea eta krisia

Politika krisian dagoala kalean nabarmen atzemoten dan eretxia da, eta argi dago, politikatik erreakzinoa itxaroten dala, krisiari aurre egin ahal izateko. Aitatutako horretan oinarrituz, Madrilgo Unibertsidade Konplutenseko Filosofia Katedradun dan José Luis Villacañas Berlanga, iraganeko, gaurko eta etorkizuneko krisien aurreko pentsamendu eta ekintza politikoaren erregistroak eta planteamenduak azaltzen ahaleginduko da maiatzaren 3an, 'Crisis (y) política' berbaldiaren bitartez.

1955ean Úbedan jaiotako irakasleak filosofia eta entsegu gaietako hogei lan baino gehiago eta Historiako sei liburu idatzi ditu. Villacañas Berlanga Filosofia Politikoko Res Publica Aldizkariaren eta Biblioteca Virtual de Pensamiento Político Hispánico Saavedra Fajardo izenekoaren Zuzendaria da. 1994 eta 1997 artean Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenean ibili izan zan eta 1999 eta 2003 artean Valentziako Generalitateko Liburu, Artxibategi eta Liburutegi Zuzendari Nagusi kargua izan eban. 2009tik Madrilgo Unibersidade Konplutenseko Filosofia Espainiarreko Katedraduna da.

Sevillako Unibersidadeko Filosofia dekanoa dan Manuel Barrios Casaresi jagokonez, bera izango da zikloari amaierea emoteko ardurea izango dauena, astelehenean, maiatzaren 10ean, 'La crisis de la Cultura' izeneko berbaldiaren bitartez. Hitzordu horretan erakutsiko deusku kultureak erreakzionau, eboluzionau, sakondu eta bere burua elikatu egiten dauela krisi garaietan.

Hainbat liburu idatzi dituan Barrios Casares Er filosofia aldizkariaren zuzendariordea eta Nietzsche-Estudios-eko Argitalpen Kontseiluko kide da. 1984an Sevillako Unibersidadeko Lizentziaturearen Ez Ohiko Saria jaso eban, eta 1990ean Unibersidade bereko Humanidade Saileko Doktoretzea lortu eban. Modernotasunaren genealogiaren azterlari handia da, eta arreta berezia eskaini deutse idealismo alemaniarrari eta haren arrazoiaren kritikearen estribazinoei. Hainbat aldizkari espezializatutan eta El Mundo edo Diario de Sevilla aldizkarien kultur gehigarritan idatzi izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu