Bilboko Udal Txistulari Bandeak konbidatu bereziakaz emongo deutso amaierea Euskaldunako kontzertu denporaldiari

Bizkaie! 2010-03-30 15:16   Musikea

Denporaldia kontzertu berezi bategaz amaituko dau eta honetarako Naroa Intxausti sopranoa, Angel Unzu gitarra-jolea eta Mariano Santamaria piano-jolea izango dira konbidatuak. Hitzordua ohikoa dan legez, Euskalduna jauregiko A1 aretoan izango da, 20:00etan eta sarrerea dobanekoa izango da. Edukiera mugatua da.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko Udal Txistularien Bandeak martiaren 31n zarratuko dau neguko denporaldia euskal musika herrikoiagaz osotutako kontzertu bategaz. Denporaldia kontzertu berezi bategaz amaituko dau eta honetarako Naroa Intxausti sopranoa, Angel Unzu gitarra-jolea eta Mariano Santamaria piano-jolea izango dira konbidatuak. Hitzordua ohikoa dan legez, Euskalduna jauregiko A1 aretoan izango da 20:00etan eta sarrerea dobanekoa izango da. Edukiera mugatua da.

Bihar eskainiko dauen kontzerturako Mendizabalek, Mikel Laboa, Benito Lertxundi edo Xabier Lete euskal kantugileen doinu ezagun batzuk aukeratu ditu beste batzuen artean, besteak beste, ‘Txoria, txori’, ‘Loretxoa’ edo ‘Xalbadorren heriotzean’; baita Raimundo Sarriegi eta Ramón Artolaren ‘Oh, Euskal Herri maitea’, José María Usandizagaren ‘Txantxangorria’ José Antonio Santestebanen ‘Kontxesirentzat’ José Ibarraren ‘Donostiarra’, Jesús Aranbarriren ‘Atea tan tan eta Aioarra Nimiño’, Jesús Martínez Villarren ‘No te olvido’ edo eta ‘Bortian auzki’ eta ‘Maitia nun zira’ herrikoiak.


Ahotsa, gitarra eta pianoagaz lagundurik

Bilboko Udal Txistulari Bandeak -Garikoitz Mendizabal (zuzendaria eta lehen txistua), Idoia Kareaga (bigarren txistua), Gorka Zabaleta (silbotea) eta Asier García (perkusio-atabala)- Naroa Intxausti bilbotar sopranoagaz, Angel Unzu euskal eszenako gitarra-jole ospetsuagaz eta Mariano Santamaria piano-jole nikaraguar ezagunagaz, nazinoartean hainbat lehiaketa irabazitakoa, joko dau kontzertu berezian.

Naroa Intxausti, 1981ean Bilbon jaioa da. Adinez gaztea izan arren, 2000. urtean Mozarten ‘Misa de coronación’ interpretau ebanetik, nazinoarteko hainbat sari irabazi ditu eta hainbat operatan parte hartu dau. Bere curriculum zabalean hainbat maisu eta orkestra prestigiotsugaz lan egin dau, besteak beste, ‘Fidelio’ obran (Beethoven), ‘Norma’-n (Bellini), Rossiniren ‘La Cenicienta’ obran, Sorozábalen ‘La tabernera del puerto’-n edo Fallaren ‘El retablo de maese Pedro’ obran. Azken denporaldi honetan, Donizetti maisuaren ‘El elixir de amor’ obreagaz Berlingo Kammeroper Schloss Rheinsberg-egaz eta Bartzelonako Teatro del Liceoan Mozarten ‘Las bodas de Fígaro’ obreagaz be lan egin dau.

Angel Unzu iruindarra, euskal gitarra-jole eta konposatzaile ospetsuenetariko da. Folk eta jazzagazko dauen zaletasuna bere diskoetan ikusten da, '13 solos’ eta ‘Melodías de piel’ besteak beste, Iñaki Salvadorren kolaborazinoakaz. Grabazino etxeetako musikari moduan artista desbardinakaz hirurogeita hamar diskotik gora grabau ditu baina ez bakarrik musikari moduan, baita moldatzaile eta produktore legez. Jabier Muguruzagaz, Oreka TX-egaz, Iker Goenagagaz, Alaitz eta Maiderregaz, Anje Duhaldegaz, Olatz Zugastigaz, Amaia Zubiriagaz, eta beste zenbait artistakaz be ibilten da.

Eta beste alde batetik, Mariano Santamaría nikaraguarrak, Mexikoko Kontserbatorio Nazionalaren ohorezko kidea da eta Rótterdam-go (Holanda) Musika eta Dantzako Goi Eskolan egin zituan bere ikasketak. Pianoko zenbait lehiaketetan saritua izan da, besteak beste, Mexiko Uriko Piano Angélica Morales sari Nazionala edo eta Pariseko Jean Françaix nazinoartekoa beste batzuen artean. Mexikon, Holandan eta Espainian eskaini ditu errezitaldiak eta kontzertuak.

Astez-aste emondako kontzertuetan, Udal Txistulari Bandeak aretoa betetea lortu dau eta orokorrean 3.000 ikus-entzuletik gora pasau dira, denporaldi arrakastatsu honetan eguaztenetako errezitaldiakaz gozatuz eta disfrutatuz. Ziklo honetan zehar, urrian Tomás Garbizuren omenaldiagaz hasi eta bihar amaitzen dana, taldeak hainbat musikariren kolaborazinoak izan ditu, besteak beste, Poul Hoxbro flauta-jolearena; Leioako Kantika Abesbatzarena; KEtan bikotearena eta Donostiako Udal Txistulari Bandearena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu