Patti Smith, Elvis Costello, George Benson, Kris Kristofferson eta Ron Carter, Donostiako 45. Heineken Jazzaldian
2010-03-25 13:56 MusikeaDonostiako 45. Heineken Jazzaldia garagarrilaren 21etik 25era bitartean izango da, Jazz Band Ball-a berreskuratuko dau jaialdia abiatzeko eta, ohikoa dan legez, Trinitate Plazea, Kursaala eta Victoria Eugenia Antzokia izango dira agertoki nagusiak.
Patti Smith, Elvis Costello, George Benson, Archie Shepp, Ron Carter, Jessye Norman eta Kris Kristofferson dira Donostiako 45. Heineken Jazzaldian izango diran lehenengo artistak. Jaialdia garagarrilaren 21etik 25era bitartean izango da, Jazz Band Ball-a berreskuratuko dau jaialdia abiatzeko eta, ohikoa dan legez, Trinitate Plazea, Kursaala eta Victoria Eugenia Antzokia izango dira agertoki nagusiak.
Antolatzaileek adierazo dabenez, jazz ikuspegi zorrotz batetik begiratuta, aurtengo egitaraua 'erakargarria da oso', jazz legendak, beteranoak, izar ospetsuak eta artista hasibarriak bateratzen baititu.
Legenden artean dira Archie Shepp, saxo tenor jotzaile handienetakoa, eta Ron Carter, jardunean den jazz baxu-jotzaile garrantzitsuena, askoren eretxiz. Dana dala, azken hau ez da jaialdian izango dan baxu-jotzaile bakarra: Dave Hollandek -orain dala hainbat hamarkada Miles Davisen taldean Carter ordezkatu eban- flamenkoa oinarri dauen bere azken lana aurkeztuko dau, El Habichuela gitarristearen laguntzaz; eta jazz eszenan funtsezkoa dan Stanley Clarke baxu-jotzailea Donostiara etorriko da Hiromi pianista japoniarragaz.
Jazz latinoko izarretako bat dan Arturo Sandoval tronpeta-jotzailea be izango da Donostiako 45. Heineken Jazzaldiko egitarauan, eta Mulatu Astakte pianista eta bibrafono-jotzaile etiopiarrak afrikar erroak jazzagaz eta musika latinoagaz nahastauko ditu.
Bestalde, egungo jazz eszenan ikusmin gehien sortzen dauen artistetako bat da George Benson abeslari eta gitarristea. Era berean, Espainiako kritikearen arabera, igaz Wadada Leo Smithek Madrilen eskaini eban kontzertua aspaldian Espainian izan dan kontzertu onena izan zan, eta orain, bertatik bertara probetako aukerea izango da, Smith Donostian izango baita bere laukoteagaz, distira bereziko Vijay Iyer piano-jotzailea tarteko dala.
Jessye Norman artista apartak, jazz boskotea lagun dauela, egitarau konplexua eskainiko dau, Gospel eta Espiritual tradizioko lanak eta Thelonious Monk eta Duke Ellingtonen klasikoak eta 'standard'-ak buztartuz.
Aitatutako artista beteranoakaz batera, izen barri multzoa izango da jaialdian: New Orleanseko izar barria, Christian Scott tronpeta-jotzailea; jazz britaniarrean zoramena eragin dauen Portico Quartet; John Hollenbeck bateria-jotzailearen boskotea, The Claudia Quintet; eta Shibusa Shirazu Orchestra big band japoniar 'zehaztezin, apurtzaile eta parebakoa'.
Gainera, David Krakauer-ek (klezmer bete-betea eta abangoardiako jazza), Red Wesley tronboi-jotzaileak (funkaren klasikoa) eta Quebeceko SoCalled en Abraham, Inc. disko-jartzaileak indarrak batuko ditue abagune honetarako.
Bestelako musikentzako tartea be izango da Heineken Jazzaldiko egitarauan, eta izen handiko musikariak izango dira, besteak beste, Patti Smith, Kris Kristofferson, Elvis Costello & The Sugarcanes, Mayer Hawthorne, Toquinho gitarrista brasildarra eta indie eszenako izen esanguratsuenetakoak diran The Very Best eta The Pains Of Being Pure At Heart.
Jaialdiaren egitarau osoa apirilaren 15ean jakinaraziko da eta sarrerrak apirilaren 19tik aurrera erosi ahal izango dira Kutxa.net-en, Servikutxa eta Telekutxan, eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!