Jerry Gonzalez and The Apache Band-ek Afrikako eta Karibeko erritmoak ekarriko ditu Getxo Jazzera
2010-03-24 14:15 MusikeaGaragarrilaren 1etik 4ra egingo dan Getxoko 34. Nazinoarteko Jazz Jaialdia abian da, eta saio nagusiei jagokenez, Jerry Gonzalez tronpetista estadubatuarra da bere parte-hartzea baieztatu dauen lehenengo artistea.
Getxoko 34. Nazinoarteko Jazz Jaialdia abian da, eta saio nagusiei jagokenez, Jerry Gonzalez tronpetista estadubatuarra da bere parte-hartzea baieztatu dauen lehenengo artistea. Aurtengo jaialdia garagarrilaren 1etik 5era izango da eta, urtero legez, kontzertu nagusiez gan beste saio batzuk eskainiko ditu, esaterako, Talde Lehiaketakoak, antolatzaileek adierazo dabenez.
Oso gaztea zala hasi zan Jerry Gonzalez Afrikako eta Karibeko musikea joten. Tronpetea eta ondoren congak joten ikasi eban eskolan eta bere musika-ikasketak New York College of Music-en eta New York University-n osotu zituan. Jarduera profesionalean 1970eko hamarkadearen hasieran abiatu zan eta, sasoi horretako talde latinoek ez bezela, Afrikako eta Karibeko doinuen sustraietan sakondu eban eta erritmo horreek jazzagaz buztartzen jardun zan.
Profesional moduan, lehenengo pausuak congak eta tronpetea joten emon zituan bere jazz latinoko estiloan, Dizzy Gillespie musikari handiaren alboan. Ondoren, Eddi Palmieri buru eban El Son taldean ibili zan eta, handik gitxira, Conjunto Libre-n jo eban, Manny Oquendo tinbal-jole famatuaren taldean, hain zuzen be.
Erakutsitako talentu handiak bultzatuta, talde propioa sortu eban 1970eko hamarkadearen amaieran: Yo Ya Me Cure. Jarraian, The Fort Apache Band osotu eban. Azken horregaz, 'Rumba para Monk', 'Crossroads' eta 'Pensativo' lan ospetsuak grabau zituan. Azken biak Grammy sarietarako izendatuak izan ziran.
Talde lehiaketea
Ohikoa danez, jaialdi getxotarrean Talde Lehiaketea be izango da. Europako talde gazteen lana bultzatzea da helburu nagusia eta 24 urtez jarraian antolatu da. Aurten 14 herrialdetako 40 taldek emon dabe izena eta, horreen artean, jaialdiaren epaimahaiak honako honeek aukeratu ditu: Crickets (Italia), Maratone Quintet (Finalndia), Wierba&Schmidt Qt. (Polonia) eta GDjazz 4tet (Espainia).
Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan parte hartuko dabe, garagarrilaren 1etik 4ra, hurranez hurran, eta irabazleak barriro joko dau azken egunean.
Sariei jagokenez, 3.750 euro jasoko ditue irabazleek eta disko bat grabauko jake zuzenean. Bigarren sariari 1.500 euro jagokoz eta, azkenik, bakarlaririk onenak 750 euro irabaziko ditu. Sariez gan, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Eivissako jazzaldietan parte hartuko dabe, Getxo Jazzek aitatu jaialdiokaz daukan akordioari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!