Danetara 30.800 lagun batu ditu aurtengo 'Musika-Música' jaialdiak Bilboko Euskalduna Jauregian

Bizkaie! 2010-03-09 12:10   Musikea

'Musika-Música' jaialdia martiaren 5ean, 6an eta 7an ospatu zan Euskalduna Jauregian. Aurtengo programearen izenburua 'Chopin eta 1810eko belaunaldia' izan da eta, danetara, 61 kontzertu eta nazinoarte mailako ospea daben 500 artistatik gora izan dira bertan.

'Musika-Música' ekimenaren 2010eko edizinoak barriro be lagun asko batu ditu, danetara 30.800, astegoien honetan Bilboko Euskalduna Jauregian musika klasikoko 'maratoian'. Antolatutako kontzertuetarako sarreren % 70etik gora saldu dira eta aurtengo balantzeak barriro be aurreko urteetako asistentzia gainditu dau. Antolatzaileek adierazo dabenez, 'jaialdiak publiko bilbotarra bereganatu eta urterik urtera gero eta jarraitzaile gehiago dituala erakusten dau'.

'Musika-Música' jaialdia martiaren 5ean, 6an eta 7an ospatu zan Euskalduna Jauregian. Aurtengo programearen izenburua 'Chopin eta 1810eko belaunaldia' izan da eta, danetara, 61 kontzertu eta nazinoarte mailako ospea daben 500 artistatik gora izan dira bertan.

Bilbao 700 Fundazinoak jaialdiaren hurrengo urteko egitarauan dihardu lanean; 'Musika-Música' jaialdiak hamar urte beteko ditu datorren urtean. Hamargarren urteurren hori ospatzeko, Bilbao 700 Fundazinoak Wolfgang Amadeus Mozarti eskainiko deutso kontzertu-egitaraua.

Musikagile eta pianista austriarra jaialdiaren lehenengo edizinoko kontzertuen protagonista izateko aukeratu eben. Urterik urtera arrakasta eta publikoaren arretea lortu dala ikusita, jaialdiaren antolatzaileek Mozarten obrea berreskuratuko dabe.

Aurtengo edizinoa Chopin eta Erromantizismoko musikearen omenezkoa izan da eta Bilbao 700-III Millenium Fundazinoa pozik agertu da lortutako emoitz onakaz, eta bere esanetan, aurtengo edizinoa 'izugarri arrakastatsua' izan da, igaz baino egun bat gitxiago izan arren. Igazko jaialdia J.S. Bach eta Barroko garaiaren omenezkoa izan zen.

Antolatzaileen arabera, 'Musika-Música' jaialdia 'barriro be sendotu egin da Bilbok dauen eskaintza musikal eta kultural zabalean, lehen mailako jaialdia, publiko bilbotarragaz konektau dauena eta beste urte batez arretea erakarri dauena'.

Publikoaren jatorriari jagokonez, aurtengo edizioan Frantziatik etorritako publiko kopuru handia izan dala jakin da. Ganera, urterik urtera gero eta gazte gehiago hurreratzen dira, ikasleak zein familiagaz batera doazen gaztetxuak. Aitamen berezia merezi dabe Euskal Herriko eta inguruetako (besteak beste, Gaztela eta Leon, Asturias, Nafarroa edo Errioxa) kontserbatorioek eskainitako kontzertuek. Kontzertu horreek, dobakoak publiko guztiarentzat izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu