BFAk bardintasunaren aldeko 'Berdintasuna' sariak banatu ditu Emakumearen Nazinoarteko Egunean

Bizkaie! 2010-03-08 14:54

Mujeres Gitanas Sim Romi alkarteak, Edex zentroak eta Mendatako Udalak jaso dabe saria aurten. Horrezaz gan, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok sari berezia emon deutso Mari Jose Macayari -igaz hil zan-, bardintasunaren alde lan egiten daben emakume guztiak omentzeko.

Mujeres Gitanas Sim Romi alkarteak, Edex zentroak eta Mendatako Udalak jaso dabe saria aurten. Horrezaz gan, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok sari berezia emon deutso Mari Jose Macayari -igaz hil zan-, bardintasunaren alde lan egiten daben emakume guztiak omentzeko.

Lau izen horreek gehitu behar dira saria sortu zanetik Aldundiak saritu dituenen zerrendan. Gaur arte, danetara, 63 entidadek jaso dabe Bardintasuna saria.

Aurtengo sarien banaketea -bertan, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbao izan da buru- Emakumearen Nazinoarteko Eguna gogoratzeko ekitaldien barruan egin da. Ahaldun Nagusiak adierazo dau 'egun hori egutegitik kendu gura geunke hori hainbeste desiratzen dogun bardintasuna errealidade bihurtu dan seinale izango litzatekeelako', baina oraindino bide luzea dogula gaineratu dau.

Besteak beste, Jose Luis Bilbaok aitatu du soldatetan, enpresa-karguetan eta etxeko lanetan dagoan desbardintasuna. Baina, Ahaldun Nagusiaren esanetan, alderdirik gordin eta tristeena genero-indarkeria da. Izan be, indarkeria mota horren ondorioz, 2009an, 4.859 emakumek sufridu zituen tratu txarrak edo sexu-abusuak, eta datu hotz horreen atzean sufrimenduko eta mineko milaka sentimendu ezkutatzen dira.

Saritutakoei gizarte hobea eta bidezkoagoa eregiteko egindako lanagaitik eskerrak emon ondoren, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Mari Jose Macayari -igaz hil zan- omenaldi berezia egin nahi izan deutso, berak bezela bardintasunaren alde lan egiten daben emakume guztien ordezkari moduan. Saria omenduaren familiari emon deutso Ahaldun Nagusiak.


Bizkaiko Foru Aldundiak 2002. urtean sortu zituan Bardintasuna sariak, Ahaldun Nagusiaren Kabinetearen bitartez. Ohorezko sarion bidez, gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren alde egindako lana saritzen da.

Sariok emoteko, aurretik aukeraketa bat egin da ondokoen artean: 2009an eta Bardintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusiak emondako diru-laguntzen barruan bardintasuna helburu izan daben proiektuen artean.

Sarien artean hiru kategoria dagoz: 5.000 biztanle baino gitxiagoko udalerriak, emakumeen alkarteak eta irabazteko asmorik bako beste entidade batzuk.

Erispide horreei jarraituta, zortzigarren edizino honetako aukeraketea 201 proiekturen artean egin da. Mendatako Udala 37 udalen artetik aukeratu da; Edex zentroa, irabazteko asmorik bako 61 alkarteren artetik, eta Sin Romi, emakumeen alkarteek aurkeztutako ehunetik gorako ekimenen artetik. Aitamen berezia merezidu dau Mari José Macayak; izan be, hari emondako sariaren bidez, omenaldia egiteaz gan, bardintasunaren alde modu desinteresatuan, konprometituan eta etenbarik lan egiten daben emakume guztien lana aintzatetsi nahi izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu