Fito&Fitipaldis taldeak hiru garaikur lortu ditu Espainiako Musikaren XIV. Sarietan

Bizkaie! 2010-02-17 13:53   Musikea

Musikearen Arteen eta Zientziaren Akademiak emoten dituan sarietan, musikari bizkaitarrak Kanta eta Disko Onenaren garaikurrak eta Produkzino Artistiko Onenaren saria eskuratu ditu 'Antes de que cuente diez' lanagaz eta izen bereko kanteagaz.

Fito&Fitipaldis taldeak hiru garaikur lortu ditu Espainiako Musikaren XIV. Sarietan. Musikearen Arteen eta Zientziaren Akademiak emoten dituan sarietan, musikari bizkaitarrak Kanta eta Disko Onenaren garaikurrak eta Produzino Artistiko Onenaren saria eskuratu ditu 'Antes de que cuente diez' lanagaz eta izen bereko kanteagaz.

Gaur egin dabe sarien iragarpena; sariak banatzeko ekitaldia, barriz, martiaren 4an egingo dabe Madrileko Häagen-Dasz Calderon antzokian.

Euskal Kanta Onenaren atalean, Ruper Ordorikaren 'Haizea garizumakoa' abestia nagusitu da. Kepa Junkera saririk barik gelditu da Musika Tradizionalaren arloan, Luar Na Lubrerentzat izango baita garaikurra. Zenttric be saririk barik gelditu da, Talde Barri Onenaren eta Pop Disko onenaren sarietarako izentauta egon arren, eta Zenetentzat eta Fangoriarentzat izan baitira, hurranez hurran, garaikur horreek. Delorean Disko Elektroniko Onenaren sarirako egoan izentauta baina Aviador Dro talde beteranoari emon deutse 'Yo, Cyborg' lanagaitik.

Miguel Povedak Urteko Disko Onenaren, Kanta espainiar Onenaren eta Moldaketa Onenaren saria eskuratu ditu 'Coplas del querer' lanagaitik.

Fangoriaren 'Absolutamente Pop' Disko Onena izan da, Pop Alternatiboko Lan Onenaren saria Javier Alvarezen 'Guerrero Álvarez' diskoari emon deutse, Egile Barri Onenaren Saria Zaharak irabazi dau 'Merezco' abestiagatik, Kantari Barri Onenaren Saria Zenetentzat izan da, Rock Alternatiboko Disko Onenaren saria Javier Corcobadori emon deutse 'A nadie' diskoagaitik eta Flamenkoko Disko Onena Enrique Morenteren 'Morente Flamenco'-rentzat izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu