Barrence Whitfield & Petti alkarregaz kantuan
2010-02-16 14:39 MusikeaKanpotik gurera eta guretik kanpora, zubilana egitea ardatz dauen BloodyHotsak ekimenaren beste emoitza bat aurkeztu dabe gaur Bilbon. Oraingoan, Petti eta Barrence Whitfiled alkartu dira, Bera eta Boston.
Kanpotik gurera eta guretik kanpora, zubilana egitea ardatz dauen BloodyHotsak ekimenaren beste emoitza bat aurkeztu dabe gaur Bilbon. Oraingoan, Petti eta Barrence Whitfiled alkartu dira, Bera eta Boston. Danetara, 10 kantu jaso ditue, horreetako bost Pettik gordeta euki dituan bost kantu zahar eta beste bostak Barrencen bertsinoak, 90eko hamarkadako folk, country eta rock amerikarraren harribitxiak. Folk-rocketik abiatuta, baina azkenean rockeroago, elektrikoago geratu dira kantu guztiak, Petti autortu dauenez, diskoari zeozelako batasuna emoteagaitik.
Diskoa 2009ko garagarrileko astebetean grabau eben Pettik, Barrancek, Joseba Irazokik, Iñaki Guantxek, Beñat Iruretak eta Juankar Bloody Maryk Azkarateko Katarain estudioan Jonan Ordorikaren zuzendaritzapean.
Kantari nafarrak aurretik eginak ditu holako diskoak Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedagaz. Eta Whitfieldek, zer esanik ez. rock&roll, blues, funk eta soul musikearen legenda bat da Whitfield, urte luzez The Savages taldeagaz ibilitakoa, Richard Thompson, Solomon Burke, Los Lobos, Taj Mahal eta beste askogaz agertokian egondakoa, eta azken aldian, The Hi-Risers taldeagaz, Bo Diddley adiskide zana omentzen ibili dana.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Juankarren asmoa eta ideia dago honen guztiaren oinarrian. Euskal Herriko eta kanpoko artisten buztarketea ardatz hartuta, mugak apurtu eta ateak zabaltzeko balio dauen proiektua da BloodyHotsak eta lehenago beste bikote batzuen lanak (Roy Loney & Señor No, Ivan Julian & Capsula...) plazaratu ostean, Petti eta Barrancen arteko lana dator orain.
Zuzenekoei jagokenez, orain Bizkaian eta Gipuzkoan biak bakarrik agertuko dira taula gainean, era akustikoan baina datorren bagilean, Espainian zehar kontzertuak eskainiko dituela aurreratu dau Pettik.
Blues-Jazz Bizkaia Zirkuituaren barruan, Barrence Whitfield & Petti zuzenean, akustikoan:
- Zezeilaren 17an, eguaztenean, Basauriko Ibaigane kultur gunean, 19:30etan.
- Zezeilaren 18an, eguenean, Zornotzako Zelaieta zentruan, 20:30etan.
- Zezeilaren 19an, barikuan, Leioako Kultur aretoko Café Ambigún, 20:00etan.
- Zezeilaren 20an, zapatuan, Ermuko Lobiano kultur etxean, 20:00etan.
- Zezeilaren 26an, barikuan, taldeagaz batera, Donostiako Lugaritzen, 21:00etan.
- Zezeilaren 27an, zapatuan, taldeagaz batera, Arrasateko Amaia antzokian.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!