Getxoko kontzertu klasikoen 25. urteurrena aurten, nazinoarteko talde ospetsuak tartean dirala
2010-02-12 10:07 MusikeaZezeilaren 16tik 20ra arte bost saio egongo dira Areetako Andres Isasi Musika eskolan, zezeilaren 19an izan ezik, egun horretako kontzertua Algortako El Redentor eleizan izango baita. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira.
Getxoko (Bizkaia) Kontzertu Klasikoak zikloak 25. urteurrena ospatuko dau datorren astean. Urtemugea dala eta, nazinoarteko talde ospetsuek parte hartuko dabe zikloan eta, horreez gan, artista gazteak be jardungo dira. Zezeilaren 16tik 20ra arte bost saio egongo dira Areetako Andres Isasi Musika eskolan, zezeilaren 19an izan ezik, egun horretako kontzertua Algortako El Redentor eleizan izango baita. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira, Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazo dabenez.
Zezeilaren 16an, nazinoartean ganbera-talderik onenetakoaren ekitaldia izango da, The Schubert Ensemble of London taldearena, hain zuzen be. Hogeita bost urtetik gorako ibilbideagaz, boskoteak mundu osoan zehar eskaini ditu kontzertuak eta bere diskoek hainbat sari lortu ditue. Getxon, Hummel, Brahms eta Schubert konpositoreen piezez osotutako programea eskainiko dabe.
Hurrengo egunean, Innova Ensemble haizezko boskotea izango da protagonistea, 2008an izen bereko taldearen barruan eratutako talde gaztea, ganbera-musika zabaltzera dediketan dana eta musika garaikideagazko interes berezia dauena. Taldekideek Bartzelonako Gran Teatre del Liceu Antzokiko Akademiaren Orkestran ezagutu eben elkar eta Espainian nahiz handik kanpo ospetsuak diran orkestratan hartu dabe parte.
Zikloaren erdialdean, zezeilaren 18an, 'Euskal Kantu Liriko Barria' proiektua ekarriko dabe Getxora Marta Velasco mezzo-sopranoak, Alberto Nuñez tenoreak eta Juan Jose Ortega piano-joleak. Euskal konpositore klasikoen lana ezagutzera emoteko beren indarrak batu dituen hiru artista dira Velasco, Nuñez eta Ortega.
Zezeilaren 19an, Bizkaiko Orkestra Sinfonikoaren txandea izango da, 2004an Bizkaiko goi-mailako musikari gazte tituludunek sortutako taldea. Orkestrearen kideak Bilboko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta Musikeneko azken promozinoetako kideak dira eta, nahiz eta gazteak izan, esperientzia nabarmena dabe. Kasu honetan, BOSek Vivaldi, Haendel eta Mozart konpositoreen piezez osotutako programea joko dau.
Amaitzeko, Brodsky Quartet arduratuko da zikloa datorren urtera arte agurtzeaz zezeilaren 20an. Eremu klasikoko harizko laukote ospetsuenetakoa da eta bere 30 urtetik gorako ibilbide profesionalean mundu osoan zehar ibili da. Grabazino ugari egin ditue eta artista ezagunakaz batera ibili dira. Getxorako daben programan, Schubert, Turina, Shostakovich, Mozart, Puccini eta Borodin konpositoreen piezak eskainiko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!