Honezkero salgai Trilok Gurtu Band taldeak Bilbon emongo dauen kontzerturako sarrerak

Bizkaie! 2010-01-26 11:44   Musikea

Datorren hilaren 8an, Trilok Gurtu Band taldeak kontzertua emongo dau Arriagan Bilbao 700 Fundazinoaren 365 Jazz Bilbao programearen barruan eta honezkero salgai dagoz sarrerak, mota guztietako erritmoak nahasten dituan konpositore eta perkusionista honen saiorako.

Datorren hilaren 8an, Trilok Gurtu Band taldeak kontzertua emongo dau Arriagan Bilbao 700 Fundazinoaren 365 Jazz Bilbao programearen barruan eta honezkero salgai dagoz sarrerak, mota guztietako erritmoak nahasten dituan konpositore eta perkusionista honen saiorako. Ekialdeko eta mendebaldeko, Indiako eta Afrikako erritmoez gan, jazza, rocka eta musika klasikoa be nahasten ditu, hain zuzen be. Bilbon bere CD barria aurkeztuko dau: 'Massical'. Zezeilaren 8an, Bilboko Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera bere bandeagaz batera agertuko da eszenatokian: Andy Suzuki (saxoa, flauta eta teklatuak), Roland Cabezas (gitarra elektrikoa), Carlo Cantini (biolina, teklatua eta melodikoa) eta Johann Berby (baxu elektrikoa).

Trilok Gurtu Bonbain jaio zan 1951. urtean, eta erritmoak batzen eta buztartzen dituan erregeetako bat da. Congak, bongoak eta bateria gehitu zituan tauletan, bere anaiagaz John Coltrane eta Jimi Hendrixen eraginez perkusino-tresnen multzo bat abian jarri aurretik. Hirurogeita hamarreko hamarkadan bira erraldoia egin eban Europatik eta Estadu Batuetatik Indiako Asha Bhosle abeslariagaz; Charlie Mariano eta Embryogaz be jo eban eta Suedian, Don Cherrygaz izan zan. Family of Percussion taldean parte hartu eban 1977. urtean, eta jazz-musikari askogaz jo eban. Laurogeiko hamarkadan Oregon taldean sartu zan, etno-jazzaren talde aitzindaria zana, Collin Walcotten pausuei jarraitzeko. Walcott istripu batean hil zan geroago, eta haren espiritualtasunak itxura barria emon eutson taldeari. Ia historikoa izan zan lankidetzea hasi eban 1988. urtean John McLaughlinegaz; lau urtekoa izan zan. Garai horretan beste musikari batzuekaz be ibili zan, besteak beste, Joe Zawinul, Jan Garbarek, Pharoah Sanders, Bill Laswell eta Pat Methenygaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu