Irekia jaio da

Bizkaie! 2010-01-26 11:04

'Administrazio gardenagoa eta parte-hartzaileagoa bultzatu nahi dauen tresna bat da Irekia, aldi berean alkarlana garatu nahi dauena herritarren eta Jaurlaritzearen artean'.

Eusko Jaurlaritzeak Irekia webgune barria abiarazo dau eta bart egindako aurkezpen ekitaldian Patxi López Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako bost sailburuk parte hartu dabe; bertan, hainbat kazetari, blogari eta ziberkazetarik zalantzak eta proposamenak planteau ditue webgune barriaren inguruan.

Patxi Lopez Lehendakariak holan definidu dau Irekia: 'Administrazio gardenagoa eta parte-hartzaileagoa bultzatu nahi dauen tresna bat da, aldi berean alkarlana garatu nahi dauena herritarren eta Jaurlaritzearen artean'. Webgunea bart hasi zan martxan Lehendakaritzan egindako ekitaldi batean, hainbat hedabideetako kazetari, blogari eta ziberkazetariren presentziagaz. Irekia-ren helburuetako bat da herritarren eta administrazinoaren artean bitartekaririk ez egotea, holan Jaurlaritzearen jardunaren gardentasuna hobetzeko.

Lopezek autortu dauenez, webgune honen bitartez ez da berehala lortzen ez parte-hartzea ezta gardentasuna be, baina azpimarratu dau 'Internet tresnarik merkeena, errazena eta irisgarriena da Jaurlaritzatik kontaktu erreala izan daigun jentearen kezka eta ardurakaz. Esangura horretan, asmoa dogu tresna horren potentzialtasun guztiak aprobetxetako'.

Bere hitzaldian, Lopezek nabarmendu dau Irekia 'aldatzen eta eboluzionetan egongo dala beti'. Horregaitik, zalantzak planteau eta proposamenak egiteko eskatu deutse blogari, ziberkazetari eta herritarrei. Zalantza horreek prentsaurrekoaren amaieran planteau ditue blogariek eta ziberkazetariek: Open data, erispideak iruzkinen onarpenean, herritarren inplikazinoa eta Jaurlaritzearen erantzute-ahalmena izan dira galderen eta erantzunen txandan gehien agertu diran gaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu