Jose Lezarraga 'Petiso' izango da Farolin eta Gurutze Beitia Zarambolas 2010eko Bilboko Aratusteetan

Bizkaie! 2010-01-22 14:15

1984ko Aratusteetan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zarambolasen epaiketa Bilbon, Inauteri tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.

Jai Batzordeak aukeratu ditu dagoeneko Aratusteetako, Sardina salbu, personaia ospetsuenak: Farolin eta Zarambolas. José Lezarraga 'Petiso', izango da Farolin; eta Gurutze Beitia, Zarambolas.

José Lezarraga, 'Petiso' izengoitiagaz ezagunagoa, Bilbotarrak taldearen kidea da. Horrezaz gan, Alde Zaharrean txikiteroen abesteko tradizinoari eusteko ahaleginak egiten jarraitzen dauenetako bat da urte osoan zehar eta Txikitero Egunaren koordinatzaile moduan, Begoñako egunean. 'Petiso' gizon polifazetikoa da: ohorezko txikiteroa, txapelaren defendatzaile sutsua, irratiko aktorea, txirrindulari zaletua, zirko artista, abesbatza baten abeslaria, abeslaria bera… Gizon txikia da eta hortik jatorko izengoitia, Argentinako lagun bati bururatu jakon bere herrian petiso deitzen deutsielako zaldi txikiei.

Gurutze Beitia aktorea Mundakan jaioa da. Telebistan egin da ezaguna publiko artean. Beste programa batzuen artean Lo que faltaba, bakarrizketak egiten,'Pasalo' edo 'La familia mata' programetan hartu dau parte. Antzerkian be ibilbide zabala egin dau, besteak beste, 'Cocito Madrileño', 'Todos nacemos vasco', edo momenturaino bere azken estreinaldia, 'Bilbao, Bilbao El Musical'. Gainera, zinean lan egin du, Manuel Gutiérrez Aragonen 'Visionarios', eta irratian. Eta, hori gitxi balitz, ohikoa da galak eta festak aurkezten ikustea. Hori bai, beti umore askogaz eta bere barre bereziagaz.

Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu dauen bilbotarra da -ez dau zertan Bilbon jaiotakoa izan behar, bilbotarrok nahi dogun lekuan jaiotzeko ahalmena dogulako-. Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen dauen personaia da, Semper Plus Ultrak (Beti haratago) laburbildu leike bere ustea.

Zarambolas, barriz, gibel-handi bat da, Bilboko uritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez deutsona. Ondo bizitea atsegin dauen jauntxoa, Carpe Diemek laburbiltzen dau bere bizi-lema.

1984ko Aratusteetan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zarambolasen epaiketa Bilbon, Inauteri tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz. Gure uribilduan gaiari kutsu txirenea emotea erabagi zan, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hausi eta umore kutsua ezarriz, herritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agirian ixteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu