José Mercék 'Ruido' izeneko lana aurkeztuko dau gaur Arriagan

Bizkaie! 2010-01-07 09:23   Musikea

Kontzertua 20:00etan hasiko da eta taula ganean lagun izango ditu Manuel Moreno Moraito eta Dani de Morón gitarra-joleak, El Grito perkusionistea eta Rafa, El Negro, koruak eta txaloak egiten.

José Mercek Ruido bere azken lana aurkeztuko dau Bilboko Arriaga Antzokian gaur, urtarrilak 7, 20:00etan. Taula ganean lagun izango ditu Manuel Moreno Moraito eta Dani de Morón gitarra-joleak, El Grito perkusionistea eta Rafa, El Negro, koruak eta txaloak egiten.

Disko barria laster jarriko da salgai eta orain arte birritan baino ez dau aurkeztu artisteak lan barri hori. Beraz, Ruido lana aurkezteko zuzenean eskainiko dauen hirugarren emonaldia izango da Bilbokoa.

Jose Soto Soto —José Mercé, umea zanean Merced Basilikan abesten ebalako jarritako izena— Jerez de la Fronteran jaio zan 1955ean. Paco Luz-en birbilobea eta Manuel Soto Sordera-ren lobea, alde guztietatik beti flamenkoa arnastu dau. 13 urte baino ez zituala joan zan Madrilera eta, bertan, flamenko-jantzari ugariren ondoan ibili zan, tartean Mario Maya, Carmen Mora eta El Güito; gero, Antonio Gades-ek bere konpainian sartu eban eta, haregaz batera, Europan eta Ameriketako zati handi batean ibili zan.

Mercék 1973 eta 1987 bitartean egin eban lan Gades-egaz eta Carlos Saura-ren ‘Bodas de sangre’ eta ‘Flamenco’s, filmetan parte hartu eban. 1983an, ‘Verde junco’ grabau eban Tomatito eta Enrique de Melchor-egaz batera; ondoren etorri ziran ‘Caminos reales del cante’, ‘Hondas raíces’ eta ‘Desnudando el alma’.

1998an, bere karrera artistikoak bide barria hartu eban ‘Del amanecer’ albuma grabau ebanean, besteak beste, Vicente Amigo gitarra-joleagaz batera. Horri ‘Aire’, ‘Lío’, ‘Confí de fuá’, ‘Lo que no se da’ edo ‘Grandes éxitos’ albumek jarraitu deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu